Sumendi Espazioaren neguko azoka sortzaileen erakusleiho izango da

Erredakzioa 2022ko abe. 5a, 17:45

Artisauen azokaren aurreko edizio bat. / Argazkia: @SumendiEspazioa

Abenduaren 10ean eta 11n eta urtarrilaren 3an, hilabeteroko azoka ospatzeari berrekingo diote Judimendiko Sumendi espazio autogestionatuan, Suarte kolektiboaren eskutik. 50 sortzaile baino gehiago bilduko dira oraingoan.

Udako atsedenaldiaren ostean, bueltan eta indarberrituta dator Suarte proiektua. Komunitatean oinarritutako ekimenak azoken bidez artisau lanari ikusgarritasuna ematea du xede. Judimendi auzo gasteiztarreko Sumendi espazio autogestionatuaren babespean sortutako kolektiboak auzoko zein haratagoko sortzaileak biltzen ditu.

Iaz martxan jarri zenetik, hainbat azoka antolatu dituzte. Hasiera batean hilean behineko hitzordua egonkortu zen, eta Judimendiko jaietan azokarik jendetsuena antolatzea lortu zuten. Orain, atseden txiki baten ostean, neguko azoka izango da hurrengoa, Gabonen aurretik eta Gabonetan: abenduaren 10ean eta 11n eta urtarrilaren 3an.

Hiru egun horietan, 50 sortzaile baino gehiago bilduko dira Sumendin, eta, sortzaile zein artisauez gain, "sorpresatxoren bat" iragarri dute ere. Gainera, aurrerantzean hilabeteroko hitzordua berreskuratzeko asmoa dute.

"Talde anitza gara, irekia eta malgua, eta sormena dugu elkargune; artisau lana balioesteak eta taldean lan egiteak batzen gaitu", azaldu dute antolatzaileek. "Kontziente gara modu arduratsu eta jasangarriagoan kontsumitzeko beharraz, eta hala, gure sare sinergikoa josi dugu, elkar elikatuz. Proiektu hau egun orokorra den kontsumo azkar eta leihakorraren sorgin-gurpilari alternatiba bat sortzeko sentitutako beharretik sortu zen, auzoak ohitura berriak eraiki eta lotura berriak sortzeko grinetik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago