Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, aurten bai, ardoaren festak Gasteizko erdialdea konkistatuko du berriz ere. Ardoarabaren XV. edizioa izango da aurtengoa, eta abenduaren 3tik 8ra ospatuko da, larunbatetik igandera; ostalaritzaren kasuan, ekimena hilaren 11ra arte luzatuko da, hau da, hurrengo igandera arte.
Orain arteko ediziorik luzeena izango da, eta sei egunez ardo zein jaki arabarren dastatzeak eta programazio zabala eskainiko ditu Probintzia plazan, Foru plazan eta, nobedade gisa, Plaza Berrian (Aihotz plazako gunearen ordez). 30 upategik baino gehiagok parte hartuko dute, hiriburuko denda zein ostalaritza establezimenduekin elkarlanean.
Halaber, ez da faltako txoko gastronomikoa, ardoaren, txakolinaren, sagardoaren eta helduentzako zein haurrentzako tokiko gastronomiaren inguruko programazio didaktikoarekin.
Horrez gain, hilaren 8an Summum by Ardoarabaren bigarren edizioa ospatuko da. Bertan, euskal ardorik berezienak eta nazioarteko gidetan ondoen baloratutakoak dastatzeko aukera izango da.
GIDA