Abenduan Montehermosora itzuliko da Mazoka ilustrazio azoka

Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 19:00
Azokaren aurreko edizio bat, Montehermosoko ur-biltegian. / Argazkia: MAZOKA

Abenduaren 16tik 18ra bitartean Montehermoso Kulturuneko ur-biltegian ospatuko da Marrazki eta Ilustrazio Azokaren zortzigarren edizioa. Egitaraua jarduerez josita dator, eta Inge Conde artistak diseinatu du kartela.

Mazoka bertan da! Eta, hain zuzen ere, horixe da Mazoka Gasteizko Marrazki eta Ilustrazio Azokaren VIII. edizioaren leloa. Abenduaren 16an, 17an eta 18an ospatuko da, Montehermoso Kulturunean, pandemiaren aurreko formatua berreskuratuz. Berriz ere 40 mazokalarik hartuko dute parte, eta beren lanak erakusteko stand bana izango dute.

Hiru egunez, arte grafiko zein plastikoen, marrazkigintzaren eta ilustrazioaren topagune izango da Mazoka, Gabonen atarian. Hortaz, aukera ezin hobea izango da Olentzero eta Errege Magoentzat, opari bereziak topatu ahal izateko. Zeramika, eskuz margotutako zapatilak, adabakiak, arropa ilustratua, bitxiak, posterrak, eranskailuak, erreprodukzioak, serigrafia, risografia, litografia, liburuak, komikiak, fanzineak, katiluak, egutegiak, agendak, postalak... Denetarik topatu ahal izango da bertan. Lan guztiak edizio mugatuan sortutakoak dira, eta egileek beraiek eskainiko dituzte aurrez aurre.

Mazokako zuzendari Marta C. Dehesak parte hartuko duten ilustratzaile profesionalen aukeraketaren berri eman du. Beran izango dira, besteak beste: Mar Ferrero (Madril), Celsius Pictor (Ourense), Bea Enriquez (Madril), Xabier Casals (Andorra), Mar Villar (Alacant), Mario Jodra (Zamora), Nuria Hernandez (Bilbo), Jenni Kärnä (Finlandia) eta Miren Asiain Lora (Iruñea), baita Lucia Camara, Patricia Nagashiro, Helena Malvido eta Jon Caro gasteiztarrak, eta 2022an beka eskuratu duen IDearteko ikaslea, Maider Leturiaga.

Aurtengo kartelaren egilea Inge Conde artista da. "Musika entzuten ari garenean entzumenaz gain beste zentzumen batzuk ere aktibatzen ditugula" adierazten du, musikaren eta grafikaren arteko sinergia islatuz. Horrez gain, "entzuten ari garenean musikak izaten duen eragina eta, aldi berean, musika hori entzuten ari garenean sentitzen dugun hori kontatzeak sor dezakeen eragina" jasotzen du ere.

Mazokaren VIII. edizioaren aurkezpena, gaur Montehermoson. / Argazkia: MAZOKA

 

Jarduera osagarriak

Azokaz gain, ostiraletik igandera, marrazkiarekin, grafiarekin eta musikarekin lotutako jarduera osagarri andana izango dira Gasteizen: tailerrak, jam sesioak, konferentziak, abesti jolasak...

Adibidez, Carolina Queipo Gutierrez doktoreak, Nafarroako Musikako Goi Kontserbatorioko Etnomusikologiako katedradun titularrak eta musikologoak, Mendebaldeko musikaren historiari buruzko hitzaldia eskainiko du. Bertan, grafismo musikal esanguratsuenen eta "boteretsuenen" inguruko ibilbidea egingo du, jarduera praktikoak proposatuta.

Bestalde, saxoa, gitarra eta bateria oinarri izango dituen jam session batez gozatzeko aukera izango da. Izan ere, Mazokak hiru emakume artista eta interpreteri (Leire Colomo bateria-jotzailea, Maria Antunez gitarrista eta Izaskun Simon saxofonista) erronka bota die elkarrekin edo musika tresna bakoitza txandakatuz soinua jartzeko edizio honetako parte-hartzaileen ilustrazioen aukeraketa bati; pantaila handi batean proiektatuko dituzte.

Gainera, txikienentzako jarduera asko antolatu ditu Mazokak: Dibuteka; horma ilustratua; musika, konposizioa, collagea eta ilustrazioa elkartzen dituen MusiKollageko tailerra; eta Musas eta Fusas taldeak eskainitako Ipuin Kantalariak euskarazko ikuskizun musikatua.

Horrez gain, jaialdiaren hiru egunetan, Inge Conde konpositore eta ilustratzaileak egindako MD 60-66 lana izango da ikusgai Montehermoson.

Programazioa osatzeko, ilustrazioko profesionalentzako eta ikasleentzako jardunaldi bat, Hau ez da akordeoi bat, nire marrazketa-koadernoa da enkoadernazio tailerra, bisita gidatuak, aurkezpenak, sinatze ekitaldiak, ilustramatoia eta zuzeneko sormen ikuskizunak izango dira.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide