Floridako haitzulo berriztatua abenduaren 2an irekiko dute

Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 15:21

Gaur goizean obrara egindako bisita. GASTEIZKO UDALA

Proiektuak 450.000 euro inguruko aurrekontua izan du. 

Bukatu dute Floridako haitzuloa ikuspegi estrukturaletik eta artistikotik berritzeko lana. "Oso ahalegin ekonomiko handia egin dugu gure hiriaren ikur hau berreskuratzeko eta, horri esker, Eguberri hauetan emaitzaz gozatzeko aukera izango dugu", azaldu du alkateak, Gorka Urtaranek, gaur goizean obrara egindako bisitan. Bisitan proiektuaren arduradun Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun Espazio Publiko zinegotzia izan da, eta baita Estibaliz Canto Kultura zinegotzia ere.

Haitzulo berria zabalagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa da, paisaia arloko integrazio hobea du eta jatorrizko haitzuloaren izaera eta estetika errespetatu ditu. Lan teknikoa ez da erraza izan, baina jatorrizko haitzuloaren nortasuna errespetatzea lortu dute, XXI. mendeko eraikuntzako tekniketara egokituta.

Haitzulo zahar horretan ura sartzen zen tarteka eta eraisteko arriskua zegoen. Ondorioz, Udalak itxi eta esku-hartzea egin behar izan du. Egitura iragazgaiztu baten eta gaur egun eskuragarri dauden teknologien araberako beste prozedura tekniko batzuen bidez arazo horiek desagerrarazteaz gain, Udalak lan horiek baliatu ditu beste era bateko hobekuntzak egiteko: argiztapenean (led motako proiektagailu berriak gehitu dituzte), irisgarritasunean, osasungarritasunean eta dekorazioan, adibidez. Birgaitze-lanak direla eta, beharrezkoa izan da garai bateko haitzuloa eraistea.

Horrekin lotuta, itxura berria bat dator 1905eko jatorrizko haitzuloarenarekin. Birgaikuntzaz arduratu den talde teknikoak haitzulo hura erabili du inspirazio-iturritzat eta haren alderdi ikonikoenetako batzuk kopiatzen saiatu da. Haitzuloa (altuera eta zabalera handitu diote) landaredi gehiagorekin ‘naturalizatu’ dute, eta horma zimurtsuak ditu, jatorrizkoaren testura imitatzen dutenak. Fatxada ere berritu egin dute eta 1905eko jatorrizko estetika berreskuratzea izan du xede. Gauza bera gertatu da altxatutako bi behatokiekin (segurtasuneko barandarekin) eta ur-jauziarekin.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide