Autobusa abenduaren 12tik aurrera izango da doakoa 12 urtetik beherako umeentzat

Erredakzioa 2022ko aza. 17a, 17:00

Azaroaren 21etik aurrera eskuratu ahal izango da 12 urtetik beherako haurrek garraio publikoa doan erabili ahal izateko txartela. 28.000 bidaiari inguruk baliatu ahal izango dute neurria.

Abenduaren 12an indarrean sartuko da garraio publikoa sustatzeko neurria: egun horretatik aurrera, 12 urte baino gutxiago duten umeek doan erabili ahal izango dute Tuvisaren autobus zerbitzua; bai hiri autobusen kasuan, bai udalerriko landa eremuko BUX zerbitzuan. Udal sozietateak sistema egokitu du dagoeneko.

Datorren astelehenean, hilaren 21ean, Udalaren webguneak erabilgarri izango du garraio-txartela eskatzeko formularioa. Horrekin batera, txartela lortzeko baldintzak eta eskakizunak zein diren jakinaraziko da, baita txartelak jasotzeko gizarte etxea zein den ere.

Agiria beharrezkoa izango da 5 eta 11 urte bitarteko umeen kasuan; 5 urtetik beherakoen kasuan, berriz, garraioa doakoa da dagoeneko. Tuvisaren aurreikuspenen arabera, 28.000 bidaiariri eragingo die doakotasunak. Neurriak, gainera, behin betiko izaera du, eta horrekin garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du Udalak, familiei lagunduz eta ikastetxeen inguruan trafikoa arinduz.

Hori guztia posible egiteko, Tuvisari diru sarreren galera konpentsatzeko bidalketa egin beharko dio Udalak, eta hala jasota dago 2023ko aurrekontuen proiektuan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide