Hiru milioi euro gas galdara komunitarioei laguntzeko

Erredakzioa 2022ko azaroaren 17a

Bizilagunen komunitateentzako galdara gela bat. / Argazkia: NORTEGAS

Aurreikuspenak nabarmen gaindituta, azkenean 507 komunitate eta 33.306 familiarengana iritsiko dira gas galdara komunitarioentzako diru laguntzak.

Energiaren tarifen igoeraren aurrean, gas bidezko komunitate galdarentzako laguntza ekonomikoen deialdia ebatzi du Gasteizko Udalaren Ogasun Sailak, horren inpaktu ekonomikoa minimizatzeko. Guztira, 545 eskaera aurkeztu dituzte bizilagun komunitateek, eta horietatik, azkenean, 38ri ezezkoa eman die Udalak, eskakizunak betetzen ez zituztelako. Hortaz, guztira 507 eskaera onartu dituzte, eta orotara 3.068.490 euro banatuko dira; hasiera batean egindako aurreikuspenak (350 komunitate eta milioi bat euro inguru) baino askoz gehiago.

Azaroaren amaiera eta abenduaren hasiera artean ordainduko dira diru laguntza aitzindari horiek, administrazio izapide guztiak amaitu ostean.

Azkenik, guztira 33.306 familiari eragingo die neurriak; horietatik, 2.365 etxebizitza sozialak dira, eta 30.904 ez sozialak. Horrela, udal gobernuak beharra duten familia guztiengana iristeko konpromisoa bete nahi izan du, bereziki 2021ean egindako araudi aldaketaren ondoren azken baliabidearen tarifa eskuratu ezin duten komunitateko galdarak dituztenengana.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago