Beste tirabira bat Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, Gorka Urtaranen alkatetzaren azken txanpan. Tranbiaren behin betiko trazaduraren inguruko polemikaren ostean, oraingoan, Gardelegiko zabortegiaren harira iritsi da eztabaida: Jaurlaritzak eremua handitu eta hondakin arriskutsuak botatzeko baliatu nahi du; zehazki, amiantodun fibrozementua. Udalak, berriz, aukera horri uko egin dio.
Gaur egun, Arabako zabortegi bakarra da Gardelegi, eta EAEko handiena, 85 hektareako lursailarekin. Zaldibarko zabortegia itxi zenetik, nabarmen handitu da bere jarduera eta iristen diren hondakinen kantitatea. Hala ere, hondakin arriskutsuak sartzea debekatuta egon da orain arte; soilik hiri-hondakinak eta arriskurik gabeko industria-hondakinak iritsi dira.
Hemendik aurrera, berriz, Eusko Jaurlaritzaren asmoa zabortegia handitzea eta amiantoa lurperatzeko gune berezi bat sortzea da. Lehen unetik, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek uko egin dio planteamenduari, eta argi utzi du ez duela emango ezinbestekoa litzatekeen udal baimena; hortaz, proiektuak ezingo luke aurrera egin.
Edukiontzi organikoa bultzatu eta horren bitartez hondakinak murriztea lehenesteko asmoa adierazi du Urtaranek. 1973an martxan jarritako Gardelegiko zabortegiaren egitura, oraingoz, hamarkada batez luzatzea espero du alkateak.