2022/2023ko Gabonetako antzerki denboraldia hastear da, eta Udal Antzokien Sareak azaroaren 23tik urtarrilaren 8ra bitartean Gasteizen ikusi ahal izango diren antzezlan eta ikuskizunak aurkeztu ditu. Guztira, arte eszenikoetako hamasei proposamen eskainiko ditu Udalak, askotariko lengoaia eta formatuak tarteko: antzerkia, musika, dantza, umorea, magia...
Ikuskizun nagusiak Principal Antzokian eskainiko dituzte, abenduaren 2tik aurrera. Izan ere, egun horretan, Euskadiko Orkestrak bere abonamenduko laugarren kontzertua, Handiena, eskainiko du, Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Programa Brucknerri eta Elkanori eskainiko diete, eta bertan estreinatuko dute Zuriñe F. Gerenabarrena konpositorearen Mundubira Musika bidelagun lana.
Bigarren hitzordua abenduaren 10ean izango da: Juan Echanovek Ser o no ser komedia estreinatuko du, zuzendari gisa baina baita aktore gisa ere, Lucia Quintana eta Gabriel Garbisurekin batera.
Abenduaren 14an, berriz, Udal Musika Bandak abonamenduko hirugarren kontzertua eskainiko du, Luis Orduñak zuzenduta: Estética sin fronteras. Horretarako, Guillermo Pastrana gonbidatu dute biolontxeloa jotzeko.
Bestalde, La Dramática Errante konpainiak Yerma lanaren euskarazko bertsioa aurkeztuko du abenduaren 15ean. Lorcaren klasikoaren egokitzapena Maria Goirizelaiak zuzenduko du, eta, besteak beste, Ane Pikaza eta Loli Astoreka aktoreak izango dira oholtza gainean.
Abenduaren 17an, Gontzal Mendibil euskal kantagilea izango da Principal Antzokian, Hazia, Musikala lana eskaintzeko, hogei lagun baino gehiagoko taldearekin; tartean, dantzariak, musikariak, narratzaileak eta abeslariak izango dira. Ikuskizunak Mondragon Kooperatiba sortu zuen Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza jasotzen du.
Yllana antzerki konpainia ere hirira itzuliko da abenduaren 18an, publiko guztientzako proposamen batekin: Trash!, umorea, perkusioa eta birziklapena bateratzen dituen ikuskizuna, Mayumana edo Toompack konpainien beste lan batzuetan inspiratuta.
Abenduaren 22an, aldiz, Idoia Asurmendi eta Eñaut Elorrietaren Neguko distirak kontzertu sinfonikoa eskainiko du Principal Antzokiak, otsailean gaixotasuna zela eta bertan behera utzitako kontzertua berreskuratuz, Fernando Velasquezen zuzendaritzapean.
Gabonetan ohiko beste hitzordu bat ballet dantzarena izaten da. Oraingoan, Intxaur-hauskailua klasikoaren bertsio baten txanda izango da, abenduaren 23an. Nazioarteko Ballet Klasikoak egokituta, Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasleek parte hartuko dute, Petipáren koreografia, Txaikovskiren musika eta Eugeny Gurenkoren eszenografia ikusgarriarekin.
Urtea umore onez amaitzeko, Faemino y Cansado umoristen bikotea berriz ikusteko aukera egongo da, abenduaren 28tik 30era bitartean, 17 veces proposamenaren hiru emanaldirekin.
Hilaren 3an, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) bere 25. urteurreneko kontzertua aurkeztuko du Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin batera, Peer Gynt, Solozabal, Williams eta Sibeliusi eskainitako programarekin.
Hurrengo egunean, hilaren 4an, Aitzina Folk Musika Jaialdi Solidarioaren X. edizioaren barruan, oso emanaldi berezia eskainiko du Alos Quartet taldeak. Agertokia aurreko urteetan jaialdian izan diren musikari bikainekin partekatuko dute: besteak beste, Oreka TX, Amak, Juan Mari Beltran eta Xabi Aburruzaga.
Izaro izango da Gabonetako programazioaren artista nagusietako beste bat. Izan ere, urtarrilaren 7an Principal Antzokian izango da bere laugarren estudio-lana, Limones de oro, aurkezteko, baita bere errepertorioaren laburpena egiteko ere.
Amaiera magikoa izango du denboraldiak, urtarrilaren 8an: Jandrok, Magia Komikoko Espainiako txapeldunak eta telebistako pertsonaia ezagunak, Descabellado eskainiko du, umorea, efektuak eta trukoak bateratzen dituen ikuskizuna.
Antzerkia gizarte etxeetan
Gasteizko agertoki nagusiaz gain, gizarte etxeetako antzokietan ere Gabonetako programazio berezia izango da, eta, are gehiago, bertan izango da denboraldiko lehen hitzordua: azaroaren 23an, Jesus Ibañez de Matauko antzokian, Koli idazketa koreografikoko laborategia, Christine Hassiden eta Laurent Valera artista plastikoaren eskutik.
Abenduaren 16an, Mucha Muchacha ikusi ahal izango da Felix Petite Antzokian, 27ko Belaunaldiko emakumeei buruzko dokumentazio lana, izen bereko konpainiak prestatuta.
Abenduaren 22an, Jesus Ibañez de Matauko Antzokiak Jim Aktual zikloaren beste proposamen bat jasoko du: La Belloch Teatro konpainiak 337 Km antzeztuko du, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei buruzko argazkia, atsegina eta egunerokotasunez betea. Nestor Goenaga aktore gasteiztarra da protagonista, eta Manuel Benito zuzendaria.
Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira (bai Principalen, bai gizarte etxeetan), eta programazio nagusia osatzeko, Udal Antzoki Sareak Principal Antzokia ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu: urtarrilaren 28an gaztelaniaz, eta urtarrilaren 29an euskaraz. Sarrerak azaroaren 22an jarriko dira salgai, 3 euroren truke.
Eta 2023an gehiago
Bestalde, Marta Monfort Udal Antzoki Sarearen zuzendariak dagoeneko sendotuta dauden bi zikloren 2023rako programazioa aurreratu du.
Kontzertu Handiak zikloak lau hitzordu eskainiko ditu Principal Antzokian:
- Martxoak 9: Joaquin Achucarrok, Espainiako piano-jotzaile nagusietako batek, Bramhs, Listz, Chopin, Rakhmaninov eta Scriabinen lanak eskainiko ditu.
- Apirilak 22: Bilbao Sinfoniettaren Fables of Mingus emanaldia, harmonikarako eta orkestrarako jazz suite bat, Iker Sanchezen zuzendaritzapean.
- Maiatzak 19: Cuarteto Casals, Espainiako musikaren munduko laukote ezagunenetako batek, El arte de la fuga kontzertuarekin iritsiko da (Bach, Haydn eta Shuberten lanak), bere 25. urteurrenarekin lotutako emanaldien barruan.
- Ekainak 15: Vivaldiren La tempestad, Ensemble La Tempestad taldearen eskutik, Nuria Esperterekin batera. Vivaldiren Lau urtaroak obraren sonetoak eskainiko dituzte.
XXI. Mendeko Famenkoa zikloak bost emanaldi bilduko ditu 2023an: urtarrilaren 28an, Angeles Toledano; otsailaren 11n, Antonio Reyes; otsailaren 25ean, Manuel Moreno Maya El Pele; martxoaren 11n, La Macanita; eta martxoaren 25ean, Rocio Marquez. Saio guztiak larunbatetan izango dira, 19:30ean Jesus Ibañez de Matauko antzokian.
Sarrerak eta abonamenduak
Gabonetako programaziorako salmenta azaroaren 22an, asteartean, hasiko da, 10:00etatik aurrera, ohiko bideetatik. Kontzertu Handiak Zikloari eta XXI. Mendeko Flamenkoa Zikloari dagokienez, abonamenduak abenduaren 13an jarriko dituzte salgai, 10:0etatik aurrera. Abonamenduak, berriz, salgai egongo dira abonamenduko lehen kontzertuko egunera arte.