Aberastasuna banatzearen aldeko mobilizazioak deitu ditu Eskubide Sozialen Kartak

Erredakzioa 2022ko aza. 14a, 17:00

Mobilizazioetara deitzeko agerraldia. / Argazkia: EHko ESKUBIDE SOZIALEN KARTA

Azaroaren 19rako bizitza garestitzearen aurkako eta soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinen aldeko mobilizazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Gasteizkoa 12:00etan abiatuko da Artium Museotik.

Pobretzearen aurrean, aberastasuna banatu! lelopean, larunbat honetarako mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatu eta eragileek, eta beste hainbat kolektibok. Manifestazio bana egingo dute Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen; Arabako hiriburuaren kasuan, 12:00etan irtengo da Artium Museoaren aurreko plazatik.

"Gaitzetsi nahi dugu egungo krisi sistemikoaren aurrean botere publikoek duten alternatiba izatea, langile klasearen pobretzean sakonduz, pertsona gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzea, zerbitzu publikoak murriztea, emakumeak zaintza lan ikusezin aitortu gabekoetara kondenatzea, eta planetako ekosistemak eta biodibertsitatea suntsitzea", salatu dute mobilizazio egunaren antolatzaileek. "Modu berezian emakumeoi* eragiten digun soldaten eta pentsioen erosteko ahalmenaren galeraz gain, gure eskubideen aurkako aurrez aurreko erasoa jasaten dugu".

Etxebizitza eta alokairuaren "prezio neurrigabea", etxegabetzeak, zerbitzu publikoen "okertzea", krisi klimatikoa, eta soldata, pentsio eta zerbitzuen kontrako "erasoak" gertatzen ari diren bitartean Ibex 35eko enpresek mozkin errekorrak lortzea "onartezina" dela deritzote.

Horren aurrean, "aberastasunaren banaketa justua" exijituko dute larunbateko mobilizazioetan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zuzendutako hainbat aldarrikapen plazaratu dituzte:

  • Soldata eta pentsioen erosahalmena berreskuratzea eta KPIaren arabera igotzea, baita genero arrakalarekin amaitzea ere (%24koa soldatetan eta %37koa pentsioetan). Gutxieneko soldata 1.400 eurokoa eta gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea.
  • Zerbitzu publiko unibertsalen bermea, pertsona guztientzat bizi baldintza materialak, etxebizitza, energia, elikadura eta eskubide sozialak ziurtatzeko.
  • Arreta eta zaintza zerbitzu soziosanitarioen sare publiko unibertsala.
  • Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan EAEn zein Nafarroan ematen ari diren murrizketak "berehala" gelditzea.

Honako eragile hauek bat egin dute mobilizazio eta aldarrikapenekin: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT, CNT, Emakume Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Mujeres Libres, Trabajadoras No Domesticadas, Oneka, Zaintza Babesten, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sos Arrazakeria Nafarroa, AZET Etxebizitza Sindikatua, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea, Berri Otxoak, Uribarri Prest, REAS Nafarroa, Nafarroako Osasunaren aldeko Plataforma, Ernai, Gu Ere Bagara Bilbo, Gazte Komunistak, Ikama, Ikasle Sindikatua, AHT Gelditu Nafarroa, Kakitzat, Gune Ekosozialista, Sukar Horia, Ekologistak Martxan, Butroi Bizirik Trantsizioan eta Olatukoop.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide