Angel Erro, Rikardo Arregi eta Aitor Blanco Leoz, Vitoria-Gasteiz itzulpen sarien irabazleak

Erredakzioa 2022ko azaroaren 14a

Angel Erro, Rikardo Arregi eta Aitor Blanco Leoz. / ALEA

Haur literaturaren kategorian, Angel Erro eta Rikardo Arregik eskuratu dute euskarara egindako itzulpen onenaren saria. Gazte literaturaren kategorian, Aitor Blanco Leoz saritu dute.

2002. urteaz geroztik, Gasteizko Udalak Vitoria-Gasteiz Sariak banatzen ditu urtero, haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik onenak aintzatesteko. Aurtengoa XIX. edizioa izan da, eta bi sari banatu dituzte.

Angel Erro eta Rikardo Arregi itzultzaileak saritu dituzte haur literaturaren kategorian, Lawrence Schimelen Early one morning eta Bedtime, not Playtime! lanak itzultzeagatik. 9.000 euroko saria jasoko du bikoteak.

Aitor Blanco Leozek, berriz, gazte literaturaren kategorian lortu du saria, Arthur Conan Doyleren The memoirs of Sherlock Holmes lanaren itzulpenagatik. Bere kasuan ere, 9.000 euroko saria jasoko du.

Aurten hamasei lan aurkeztu dira guztira Vitoria-Gasteiz sarietara; horietako zortzi haur literaturaren kategorian, eta beste horrenbeste gazte literaturaren kategorian. Epaimahaia Karlos del Olmok, Nerea Hernandok, Mario Unamunok, Miren Ibarluzeak eta Karlos Zabalak osatu dute.

Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 3an egingo da, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera. Ohiko diplomez gain, lehen aldiz eskuz landutako garaikurrak banatuko zaie irabazleei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago