Segurtasun Sailak baieztatu du asteburu honetan Ertzaintzak 21 urteko gizonezko gazte bat atxilotu duela joan den asteko sexu eraso baten ustezko egilea izateagatik.
Izan ere, joan den igandean, Ertzaintzari jakitera eman zioten neska gazte bati pertsona bat hurbildu zitzaiola goizaldean, Gasteizko bere etxera itzultzen ari zenean. Ustez, bortxaz lurrera bota eta immobilizatu ondoren, sexu ukituak egiten saiatu zen erasotzailea, eta biktimak telefono mugikorra eskuan zuela konturatu zenean, alde egin zuen.
Gertakarien inguruan egindako ikerketaren ondorioz, 21 urteko gizonezko bat identifikatu zuten sexu erasoaren ustezko egile gisa. Beharrezko frogaketak egin ondoren, larunbat goizean atxilotu zuten susmagarria. Atxilotutako gaztea polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak betetzera, epailearen esku utzi aurretik.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.