Ahostegunak: euskal kulturaz gozatzeko hiru saio Gasteizen

Erredakzioa 2022ko azaroaren 12a

Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Merina Gris eta Marina Suarez. / ALEA

Euskaltzaindiak Ahostegunak egitasmoa jarri du martxan, bertsolaritza, literatura, kantua eta antzerkia 18 eta 22 urte bitarteko gazteei hurbiltzeko. Azaroaren 17tik abenduaren 1era, Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Merina Gris eta Marina Suarezen eskutik.

Mintzola faktoriaren eskutik, aspalditik datorren egitasmo bat bultzatuko du Euskararen Akademiak datozen asteetan: Ahostegunak, 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitasmoa; hain zuzen, antzerkian, bertsolaritzan, kantuan eta literaturan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko doako saioak antolatuko dituzte.

Izenak dioen bezala, saioak ostegunetan izango dira: lehenengoak, zehazki, azaroaren 17an, 24an eta abenduaren 1ean, Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan, Gaztelako Ateko 54. zenbakiko Etxezarra eraikinean. Bertan, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariek parte hartuko dute, baita Merina Gris musika taldeak eta Marina Suarez antzerkilariak ere.

Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren bitartez bideratuko du proiektu hau, eta izena emateko honako formulario hau betetzea beharrezkoa da: https://labur.eus/epN5k. Epea azaroaren 16ra arte izango da zabalik, hau da, lehen saioaren bezperan itxiko dute. EHUko ikasleek aukera askeko kredituak eskurateko aukera izango dute, gainera.

"Ahots baten egitasmoarekin gertatzen den moduan, proiektu honekin gazteek euskaraz egiten diren hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera izango dute, ahozko kultura-sorkuntzaz gozatzeko aukera emanda", azaldu du Euskaltzaindiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago