Memoriaren plaza inauguratu dute

Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 19:00

Alkatearekin batera, Denis Itxasok parte hartu du ekitaldian. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren eta Postetxearen arteko Memoriaren plaza inauguratu dute Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Ordezkariak.

"Aldebakarreko memoria" aldarrikatzeagatik polemikaren erdian jaiotako Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak badu plaza berri bat bere parean: Memoriaren plaza. Eta, hain zuzen ere, Memoriaren Egunean inauguratu dute Espainiako Gobernuaren Ordezkari Denis Itxasok eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, ekitaldi batean.

Bere "balio sinbolikoaz" gain, "hiriaren erdi-erdian oinezkoentzako kalitatezko gune berri bat" izango dela azpimarratu du Urtaranek. Izan ere, lan horiek ingurune hori guztia berroneratzeko diseinatutako lau faseetako bigarren fasea burutu dute. Hirugarrena Errege Atearen erreforma izango da, eta dagoeneko martxan dago. Laugarren fasea, berriz, laster hasiko dute Aska eta Kanpokale Berria kaleetan.

Memoriaren plaza sortzeko, 1,6 milioi euroko inbertsioa egin du Gasteizko Udalak, Espainiako Gobernuaren eta Next Generation EU Europako funtsen finantzaketaren laguntzarekin. Proiektuaren helburu nagusiak Arkupeko eremuan egindako lanen "koherentzia estetikoa" mantentzea, ingurunearen birbanaketa osoa egitea, plaza "espazio publiko modernoa eta kalitatezkoa" izatea eta oinezkoentzako zein herritarrentzako topagune bihurtzea izan dira. Gainera, zuhaitzak mantendu eta altzari guztiak berritu dituzte.

Urtaranek esku-hartzearen "dimentsio urbanistikoa eta fisikoa" azpimarratu du, baita bere "esanahi sinbolikoa" ere. "Hemen agerian jartzen dugu Gasteiz giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiekin dagoela. Eta gaur egun bereziki garrantzitsua da inpunitatearekin amaitzeko beharra adieraztea, biktimak birbiktimizatzen baititu eta erreparaziorako, duintasunerako, justiziarako eta egiarako eskubidea ukatzen baitie".

Bestalde, plazaren azpian, bizikletentzako 200 plaza baino gehiago izango dituen aparkaleku handia egongo da. Horrez gain, desnibela zuzentzeko hainbat jarduketa falta dira oraindik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago