Bederatzi artista berri murgilaldirako prest

Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 18:30
Laura Diez (Haria) eta Cristina Arrazola elkarteko lehendakaria. / Argazkia: INMERSIONES K.E.

Inmersiones artista hasiberrien topaketaren XV. edizioa abenduaren 17an ospatuko da Zas Kultur Espazioan, eta bertan aurkeztuko diren proposamen artistikoak hautatu dituzte. Haria kolektiboa arituko da komisario lanetan.

Alexia Sagayo, Gabriel Aparicio, Gari Aranbarri, Izaro Ieregi, Jonathan Garcia Lana / Tunipanea eta Miriam Inza, arte garaikideari buruzko ponentzien deialdian, proiektuak jendaurrean aurkezteko. Ane Berganza eta Elisa Arteta, ekintza artearen atalean, beren performance proposamenak biltzarraren bitartean eszenaratzeko. Eta Ianire Sagasti, partitura sortzaileen lehiaketaren barruan, bere artelana Inmersiones 2022 katalogoan sartzeko.

Horiek dira Haria kolektiboko Iker Fidalgok, Laura Diezek eta Irati Irulegik Inmersiones artista hasiberrien biltzarrerako hautatu dituzten bederatzi artistak. Ezaugarriei dagokienez Euskal Herrian parerik gabeko topaketaren hamabosgarren edizioa da aurtengoa, eta abenduaren 17an egingo da, Testua, gorputza, ahotsa gaia ardatz hartuta.

Sortzaile horiek guztiek 300 euroko diru ordaina jasoko dute beren proiektuak prestatu eta aurkezteko, XV. Biltzar honetako programaren barruan. Horiez gain, beste hainbat izen gonbidatu dituzte: besteak beste, Maria Salgado, Aimar Arriola, Marion Cruza, Obrador, Estanis Comella, Maria Bastaros, Panda Dramatic eta Txaranga Urretabizkaia.

Topaketa honen helburu nagusia "artistei zein haien proposamenei ikusgaitasuna" ematea da, baita ezagutza elkartrukatzea ere, askotariko belaunaldietako sortzaileak kultura, gizarte eta arteko eragileekin elkartuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide