Euskara, jauzirako prest

Erredakzioa 2022ko aza. 4a, 13:00

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldien irudia. / KONTSEILUA

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen, azaroaren 10ean eta 11n, Jauzirako prest izenburupean. Hezkuntza, transmisioa eta helduen euskalduntzea izango dituzte hizpide.

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko bigarren jardunaldiak antolatu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, elkarlanean. Gasteizko San Prudentzio fundazioan izango dira aurten, azaroaren 10ean eta 11n, Jauzirako prest lelopean.

Hiru ardatz nagusitan banatuko dira jardunaldiak, herritar euskaldunak lortzeko dauden hiru bide nagusiekin lotuta: hezkuntza arautua, hizkuntzaren transmisioa zein sozializazioa, eta helduen euskalduntzea.

"Ezagutzaren unibertsalizazioan jauzia egiteko aukerak daude, eta beraz, jardunaldien bidez horri begirako bideak, aukerak, tresnak eta estrategiak izango ditugu hizpide", azaldu dute antolatzaileek.

Nazioarteko gonbidatuak

Euskal Herriko egoera zein esperientziak ardatzak izango badira ere, nazioarteko bi aditu gonbidatu dituzte: batetik, Flandriako Ann De Moor irakaslea, Flandrian hezkuntza sistemak nederlanderaren berreskurapenari egindako ekarpenaz eta Bruselako hezkuntza antolamenduaz hitz egiteko; bestetik, Kataluniako Avel·lí Flors irakasleak gazteengan katalanaren erabilera areagotzeko dituzten erronka berriak partekatuko ditu.

Hezkuntza eta hizkuntza

Bestalde, etorkizunean hizkuntza proiektuek hezkuntza sisteman izango duten garrantzia kontuan hartuta, hizkuntza proiektu egokien inguruko markoa azalduko du HUHEZIko irakasle Karmele Perezek.

Ondoren, Kontseiluak jorratutako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamenean oinarritutako hizkuntza proiektuak aurkeztuko dituzte Donostiako Aitor ikastolako, Dimako Ugarana eskolako eta Iruñeko Iparralde DBHIko kide Julen Etxeberriak, Zefe Ziarrustak eta Fertxu Izquierdok.

Azkenik, testuinguru berezietan euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko garatutako estrategiak azalduko dituzte Gasteizko Mariturri eskolako, Irungo Belaskoenea eskolako eta Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako zuzendariek.

Transmisioa eta sozializazioa

Aisialdiari arreta handiagoa eskainiko zaio jardunaldi hauetan, haur eta gazteen gaitasunetan zein jarreretan eragin handia duelako. Horrela, aurten, aisialdi antolatuak hizkuntzaren gaitasunari eta jarrerari zein ekarpen egiten dien azalduko du HEZTEN erakundeko Maite Asensiok. Halaber, ingurune erdaldunetan sortutako euskarazko arnasguneen esperientziak partekatuko dituzte ipar Euskal Herriko UDA LEKU eta Barakaldon garatutako IKUSIKA esperientzien bidez.

Transmisioaren esparruan, bi ekarpen izango dira. Batetik, Jaurlaritzak bideratutako udaletan familia bidezko Euskararen Transmisio politika sistematizatuak bultzatzeko proiektua, eta bigarrenik EBETE elkarteak jorratutako Ele-meleka (bigarren hezkuntzako nerabeen hizkuntza-sozializazioan laguntzeko proiektua).

Helduen euskalduntzea

Hirugarren blokeari dagokionez, AEK eta IKAko ordezkariek lehen jardunaldietan hartutako konpromisoaren emaitzak partekatuko dituzte. Izan ere, lehen jardunaldietako ondorioa izan zen euskara ikasteko beharra sustatzearen inguruko lanketa egitea, eta Euskalgintzaren Kontseiluaren baitan antolatutako gizarte ekimeneko euskaltegiek lanketa egin eta proposamena garatu dute. Ondoren, HABEko teknikari Eskarne Lopetegik INGURA euskara online ikasteko ingurune digitalaren berri emango du.

Izen-ematea

Izen-ematea doakoa da eta www.kontseilua.eus webgunearen bidez egin daiteke, azaroaren 7ra arte. Jardunaldiak irakasleei, pedagogoei eta irakaskuntzako langileei zuzenduta daude, baita euskaltegietako, guraso elkarteetako eta hezkuntza komunitateko kideei zein interesa izan dezakeen orori ere.

PROGRAMA OSOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide