Maccabi "apartheid erregimenaren kirol enbaxadorea" dela salatu dute

Erredakzioa 2022ko aza. 3a, 09:00

Maccabiren aurkako elkarretaratzea, Andre Maria Zuriaren plazan. / Argazkia: BDZ GASTEIZ

Dozenaka lagun bildu dira asteazken honetan BDZ-Gasteiz, Indar Baskonia eta Iraultza 1921 taldeek deitutako elkarretaratzean, gaur Gasteizen jokatzekoa den Tel Aviveko Maccabi taldearen aurkako gaitzespena adierazteko.

Gaur, azaroaren 3an, Tel Aviveko Maccabi saskibaloi talde israeldarrak Gasteiz bisitatuko du beste behin ere, Baskoniaren aurkako partida jokatzeko. Horren aurrean, BDZ-Gasteiz ekimenak (Israelgo apartheidarena aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak), Alaves eta Baskoniaren hintxa talde nagusiekin batera, elkarretaratzea antolatu zuen atzo Andre Maria Zuriaren plazan, gasteiztarrei dei egiteko talde israeldarraren presentziari "gaitzespen sendoena" erakusteko "kalean zain pabiloian", baita "Palestinako herriaren borrokarekiko elkartasuna erakuts dezaten" ere.

Izan ere, Israelen "apartheid erregimenaren" aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpainaren barruan, Tel Aviv Maccabi taldea erregimenaren "kirol enbaxadore nagusia" dela ohartarazi dute mobilizazioaren antolatzaileek.

"Israelgo kirol taldeek Europako lehiaketetan normaltasun osoz parte hartzen duten bitartean, erregimen sionistak Palestinako eremuaren gaineko okupazio militarrari eusten dio, eta hango populazioari apartheid erregimena ezartzen jarraitzen du", salatu du BDZ-Gasteizek. "Azken hilabeteotan, gainera, modu kezkagarrian areagotu da Zisjordaniako ghettoetako populazio palestinarraren aurkako errepresioa, bereziki Nablus eta Jenin moduko hirietan. Han, bertako populazio palestinarra erresistentzia zilegia antolatzen ari da, eta okupazio erregimena bortizki zigortzen ari da edozein mugimendu antolatua, erresistentzia armatutik hasita erakunde humanitarioren jardueretara".

Kirolari dagokionez, BDZ taldeak ohartarazi du Israelek populazio palestinarrari uko egiten diola "kirol jarduera normalizatu bat" egitea, eta kirolari palestinarrei "etengabeko jazarpen eta erasoak" egiten dizkiela. "Hori guztia kirola eta kultura erabiliz zuritzen du Israelek. Izan ere, erregimenak bere taldeen parte hartzea sustatzen du Europako lehiaketetan (non, Asiako herrialdea izanik, berez, ez dagokion parte hartzea), eta horrela estatu normalizatu eta demokratikoaren itxura ematen dute munduaren aurrean".

Maccabi, propaganda sionistaren ikur

2015 urtearen bukaeran, Israelek Hasbara Ministerioa (Propaganda Ministerioa) sortu zuen, haien esanetan "Israel deslegitimatzeko kanpainari eta kanpainia horren ondorio ekonomiko, politiko, eta kulturalei" aurre egiteko. Hain zuzen ere, propaganda kanpaina horren ikur nagusietako bat da Maccabi.

"Tel Aviveko Maccabik, eskatu diotenean, Israelgo militarismoaren eta Palestinaren gaineko sarraskien gorazarre publikoa egin du", kritikatu dute. "2014ko udan, Gazan 2.200 hildako eragin zituzten erasoen testuinguruan, maccabiarrek partida bat antolatu zuten Cleveland Cavaliers saskibaloi taldearen kontra, Israelgo Defensa Indarren Lagunak izeneko erakundearentzako dirua biltzeko. 2009an, 1.419 palestinarren bizitzak akabatu zituen Berun Urtua operazioaren testuinguruan, hiru jokalarik Gazarekiko mugan zeunden tropak bisitatu zituzten, haien esanetan soldaduen animoak indarberritzeko".

Eskubide zibil eta politikoak

Gainera, BDZ taldeak gogorarazi duenez, "gasteiztarren eskubide zibil eta politikoak urratu" dituzte ere, Israelgo ordezkariak hiria bisitatu dutenean. "Hirira etorri diren bakoitzean, salbuespenezko erregimena ezarri dute, eta horrek eragin die ez bakarrik Palestinaren aldeko ekintzaileei, baita gasteiztar guztiei ere, eta bereziki Baskoniako zaletuei".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago