Proiektuen poltsa ireki du Gauekoak programak

Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 13:30

Hautatutako jarduerak udaberri-udako denboraldian gauzatuko dira. / Argazkia: PIXABAY

Proiektu bat duzu eta Gauekoak programaren baitan eskaini nahiko zenuke? Norbanako, kolektibo eta elkarteek 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduerak proposatzeko aukera dute azaroaren 18ra bitartean.

 Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren Gauekoak programaren 2023ko udaberri-udako egitaraua osatzen hasi dira, eta horretarako proiektuen poltsa martxan jarri dute berriz ere.

Norbanakoek, kolektiboek eta elkarteek hiriko aisialdi eta kulturan hiriko gazteen parte hartze aktiboa bultzatzeko proposamenak aurkeztu ditzakete azaroaren 2tik 18ra bitartean, info.gauekoak@gmail.com helbidera beharrezko dokumentazioa bidalita. Gainera, hurrengo denboraldiei begirako zein etorkizunerako proposamenak bidaltzeko aukera ere zabalik dago. Aurrekontu edo programazio mugak direla-eta oraingoan gauzatu ezin diren proiektuak etorkizunean finantzatu ahal izango dira.

Edozein motako proiektuak aurkeztu daitezke, betiere honako eremu hauetako batean oinarritzen bada: kultura, kirola, osasuna eta bizi kalitatea, ingurunea eta jasangarritasuna, sormena eta berrikuntza, informazio eta komunikazio teknologiak, hezkuntza librea eta aisialdi hezigarria, elkarkidetasuna eta sentsibilizazioa, kulturartekotasuna eta aniztasuna, genero berdintasuna, euskara eta euskal kultura, eta, oro har, Gazteria Zerbitzuak kudeatzen duen beste edozein gai.

Laguntza ekonomikoaz gain, Gauekoak programak beharrezkoak diren beste baliabide batzuk jarriko ditu hautatutako proiektuak garatu ahal izateko, besteak beste: proiektuaren behin behineko diseinua egiteko laguntza, espazioak erabiltzeko erraztasuna, ikus-entzunezko baliabideen mailegua eta hedapena.

Aurreko denboraldietan bidalitako proposamenak berriro bidaltzea ez da beharrezkoa, poltsan mantendu eta kontuan izango baitituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago