Hiru lagun atxilotu dituzte Gasteizen speedarekin trafikatzeagatik

Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 09:00

Guztira, 2.274 bat gramo speed atzeman dituzte polizia-operazioan. / Argazkia: ERTZAINTZA

Ertzaintzak 24, 43 eta 46 urteko hiru pertsona atxilotu zituen Gasteizen astelehenean. Auto barruan 550 gramo speed aurkitu eta gero, etxe batean beste 1.800 gramo atzeman zituzten.

Astelehen honetako 19:30ak aldera, Ertzaintzaren uniforme gabeko hainbat agente auto bat zaintzen ari ziren Gasteizko kale batean, ikerketa baten testuinguruan, autoa etxebizitzetan egindako hainbat lapurretatan inplikatuta egon zitekeelako.

Handik minutu batzuetara, agenteek ikusi zuten bi gizonezko etxebizitza batetik atera eta autoan sartu zirela; diskrezio osoz, autoari eta bidaiariei atzetik jarraitu zieten. Uniformerik gabeko unitateak laguntza eskatu zuen, eta Ertzaintzaren hainbat patruilak autoa geldiarazi eta bidaiariak identifikatu zituzten.

Ertzaintzak zabaldutako oharraren arabera, autoa miatzean, hauts zuri bateko 522 gramoko poltsa zigilatu bat aurkitu zuten, baita substantzia bera zuen pote bat ere; ustez, speeda zen. Ebidentzia horien aurrean, agenteek 24 eta 43 urteko bi gizonezkoak atxilotu zituzten, droga trafikoaren ustezko delitua egotzita.

Jarraian, gizonak irten ziren etxera joan ziren ertzainak, eta, gizonetako baten bikotekidearekin hitz egin ondoren, etxeko hozkailu batean guztira 1.752,71 gramo speed aurkitu zituzten bost poltsatan. Terrazan, likido gardena zuten bi botila, pisu bat, poltsak eta hutsean ontziratzeko makina bat aurkitu zituzten, eta azken horrek hauts zuri baten hondarrak zituen.

Hortaz, 46 urteko emakumea atxilotuta eraman zuten ere, droga trafikoaren delitua leporatuta. Hiru atxilotuek polizia-aurrekariak zituzten, eta polizia-egoitzara eraman zituzten. Azkenik, Gasteizko Guardiako Epaitegiak hirurak espetxeratzeko agindua eman du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago