Ehunka ikasle mobilizatu dira Gasteizen, "hezkuntza sistema sozialistaren" alde

Erredakzioa 2022ko urr. 27a, 17:30
Ikasle Abertzaleak-ek Gasteizen deitutako manifestazioa. / Argazkia: GEDAR.eus

Ikasle Abertzaleak-ek Bigarren Hezkuntzan deitutako grebak 3.000 ikasletik gora bildu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Gasteizen ere ehunka lagun atera dira kalera, hezkuntza lege berria salatu eta "doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala" aldarrikatzeko.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Bigarren Hezkuntza osoan ikasle greba antolatuko du ostegun honetan Ikasle Abertzaleak erakundeak, Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu lelopean. "Ofentsiba kapitalistaren testuinguruan, hezkuntza erreformek hezkuntzako arazo errealak konpontzeko ezintasunaren eta politikarien iruzurraren aurrean" deitu dute protesta.

Ikastetxez ikastetxeko zutabeak antolatu dituzte, eta lau hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin dituzte. Gasteizko mobilizazioa 11:30ean abiatu da Andre Maria Zuriaren plazatik, eta ehunka ikasle bildu dira bertan; IAk plazaratutako datuen arabera, 3.500 ikasle atera dira kalera lau mobilizazioetan. Hiriaren erdialdeko kaleak zeharkatuz, "doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala" aldarrikatu dute, "langile klasearen interesen defentsan" antolatzera deituz.

Hezkuntza lege berria, jopuntuan

Ikasturte hasierako erreforma legeen ezarpenarekin hezkuntza esparrua "hankaz gora" dagoela salatu dute, eta prozesu horren aurreran "antolatu eta kaleak hartzeko" deia luzatu diote ikasleriari. "Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, kapitala bere irabaziak bermatu nahian dabil, eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu; zentzu horretan dabil hezkuntza sistema aipatu ditugun aldaketak jasaten, merkatuak behar duen lan indarra ekoizten duela bermatzeko", kritikatu dute.

EAEko hezkuntza lege berriari dagokionez, "segregazioan sakontzen" duela eta "modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza" dela diote. "Formakuntzaren debaluazio bat gertatzen ari da, eta, horren ordez, ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari dira", gaineratu dute.

Azkenik, hezkuntzaren "izaera inposatzailea" salatu dute: "Hartzen diren erabakiak agente pribilegiatu batzuk zuzentzen dituzte, hala nola sindikatuek eta alderdi politikoek. Gainera, enpresa handi eta nazioarteko instituzio burgesen aginduak akordio zabal moduan saltzen dituzte. EAEn, politikoki oso ezberdinak direla suposatzen den lau alderdi parlamentario nagusiak berehala ados jarri dira aldaketak inposatzeko. Hezkuntza komunitatea osatzen duten beste sektore batzuk, aldiz, guztiz baztertuta gelditu dira".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide