Ray Collins Hot Club eta The Rhythm Treasures, aurtengo Midnight Boogie Weekend jaialdian

Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 17:00
Ray Collins Hot Club, 2000. urtean Alemanian sortutako talde beteranoa. / Argazkia: M.B.W

Abenduaren 2an eta 3an ospatuko da Midnight Boogie Weekend soul eta rhythm'n'blues jaialdiaren seigarren edizioa. Hell Dorado aretoko kontzertuez gain, Ray Charlesi buruzko filma, nazioarteko DJak eta haurrentzako tailerrak izango dira.

Soul eta R&B musika onena Gasteizera bueltan ekarriko du Midnight Boogie Weekend jaialdiak abenduaren lehen asteburuan, hilaren 2an eta 3an, ostiralean eta larunbatean. Vital Fundazioak eta Midnight Boogie Kultur Elkarteak antolatutako jaialdiaren seigarren edizioak film baten proiekzioa, nazioarteko zein bertako bost DJen pintxadak, lehen mailako bi kontzertu eta haurrentzako musika tailer bat eskainiko ditu.

Ostiralean, Ray (Taylor Hackford, 2004) filmak emango dio hasiera jaialdiari, 19:00etan Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraba). Ray Charlesi buruzko zinta biografikoaren protagonista Jamie Foxxek aktore onenari Oscar saria irabazi zuen paper horregatik.

Proiekzioaren ostean, 22:00etatik aurrera San Anton plazako Nakala Gasteiz aretoan, festa bat izango da hainbat disko-jartzaileren eskutik: Alfie Linney (Southampton, Ingalaterra), Bea GB eta Javi Salburua (Gasteiz) eta Isb Lester (Madril). Ostiraleko bi jarduerak doakoak izango dira.

Larunbata, hilaren 2a, egun handia izango da soul eta R&B musikaren zaleentzat. Eguerdian, 12:30etik aurrera, Creative Soul musika eskolan (Pablo Uranga margolaria, 22), haurrentzako tailer bat eskainiko dute, 4 eta 6 urte bitarteko txikiek musikari ekin diezaioten. Tailerra doakoa da, eta izen-ematea www.fundacionvital.eus webgunearen bidez egin daiteke.

Arratsaldean, Hell Dorado aretoak hartuko du edizio honetako ekitaldi nagusia. 21:00etatik aurrera, Bartzelonatik iritsitako The Rhythm Treasures talde exotiko eta dantzazaleak berotuko du agertokia. Rhythm'n'bluesaren oihan sakoneko klub onenetan urte luzetako ibilbidearen ostean, 2019an All Around the World diskoarekin debutatu zuten, eta orduz geroztik trantze eta voodoo terapia bihurtu dute emanaldi bakoitza. Myriam Swanson buru, estasi, dantza eta dibertimenduzko gaualdi basatia agintzen dute.

 

Ondoren, aretoko aspaldiko ezagun batzuen txanda izango da: Ray Collins Hot Club alemaniarra. 2019an Gasteiz aukeratu zuten Espainiako estatu osoan eskaini zituzten bi emanaldietako baterako. 2000. urtean jaiotako talde apurtzailea da, jam blues, jazz, jive eta rhythm'n'blues soinuen artean oso ondo nabigatzen duena, hamarkada ezberdinetako estiloetatik igarota. Hamar taldekidek osatzen dute, eta oso hurbiletik interpretatzen dituzte hasierako rock'n'rollaren soinuak; gitarra, baxua eta bateria, haize-sekzio bikaina erantsita.

 

Gauari amaiera emateko, binilozko saio gehiago izango dira, Alfie Linney (Southampton, Ingalaterra), Bea GB (Gasteiz), Isb Lester (Madril) eta Igu Allnighter (Gasteiz) disko-jartzaileen eskutik.

Larunbateko festarako sarreren prezioa 22 eurokoa da Hell Dorado aretoaren webgunean; leihatilan, berriz, 24 eurokoa izango da prezioa, betiere sarrerak geratuko balira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide