Berriz ere mahai gainean jarri dute auzokideek adineko zentro berri bat prestatzeko Gasteizko Udalak aho batez onartutako erabakia, eta pausorik ez dela eman salatu dute Judimendikoak auzo elkarteak eta Batuta elkartasun sareak. Horretarako, auzokideen artean jasotako 1.300 sinadura aurkeztu dituzte. "Udalak aferari irtenbidea eta eskakizunei erantzuna eman behar ziola aho batez onartu zuten udal taldeek, eta gaur egunerarte ordea auzo elkarteak ez du udal gobernuaren erantzun formalik jaso", adierazi dute.
Elkarteek aurkeztutako idazkian Judimendiko Bizanek behar minimoak betetzen ez dituela gogoratu dute, eta eskaera egiteaz "nekatuta" daudela: "30 urte pasa direlako egoera horretan, eta hau konpontzeko soluzio definitiborik ez dugulako". Judimendi zahartzen joan den auzoa dela gogoratu dute, eta zerbitzu hau "kalitatez bermatzea" inoiz baino gehiago "ezinbestekoa" dela, "are gehiago, zerbitzu beraren eskaintza egiten duten hiri bereko auzoen arteko desberdintasunak onartezinak dira, oinarrizko eskubidea da gasteiztar guztiontzat".
Idazkian Bizan Judimendiren birkokapen prozesuari "lehenbailehen ekitea" eskatu diote, hiriko beste auzoetako Bizan zerbitzuekin ekiparatuz. "Nahitaezkoa da zerbitzu berria guztiz irisgarria izatea, baita gaur egun falta diren zerbitzuak (jantokia, podologia, irakurkea gela, ileapaindegia...) kalitatez bermatzeko azalera nahikoa proiektatzea". Proiektuari lehentasuna ematea galdegin dute, "bai denboran bai forman", eta horretarako auzoan abian dauden hirigintza "proiektu pribatuetatik desbinkulatzea". Azkenik, 2023ko aurrekontuetan Bizan Judimendi berria ahalbidetzeko behar den partida gehitzea eskatu dute, "proiektua babestuz".