Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi etxebizitza sareak auzoko familia batek bizi duen egoeraren berri eman du: Fatima eta Budiak hiru alaba dituzte, 2, 6 eta 7 urtekoak. Azaldu dutenez, bostak Gasteizko Alde Zaharrean bizi dira, "Udalak abandonatutako etxe batean", eta ez dute urik. Horrez gain, salatu dute Udalak ez diela erroldatzeko aukerarik eman.
"Batetik, errolda eskuratzeko bide luzeak blokeatu egiten du, de facto, Fatimak eta bere senideek oinarrizko eskubideak eskuratzea, hala nola osasunerako eskubidea, zerbitzu publikoak erabiltzekoa, boto eskubidea, elikadura eta etxebizitzaren inguruko laguntza ekonomikoak eta prestazioak eskuratzea, euren egoera administratiboa erregulatzea, alaben hezkuntza eskubidea, eta abar luze bat Gizarte Zerbitzuetan normalizatuta dauden tramiteen artean", ohartarazi du Auzoan Bizik.
Bestalde, negua hurbiltzen ari den honetan, auzokideen sareak gogorarazi du legez (11/2022 Errege Lege Dekretuaren bidez) debekatuta dagoela kontsumitzaile zaurgarriei hornidura moztea, abenduaren 31ra arte. "Eta hara non Udalak, familiaren errolda oztopatuta, uko egin dion familiari estatus burokratiko zaurgarria esleitzeari, nahiz eta administrazioak berak sortutako estatusa izan", kritikatu dute.
Auzokideen elkartasuna
Egoera horren aurrean, Fatimak eta bere familiak Auzoan Bizi sarean antolatzea erabaki dute —astelehenero 18:00etan biltzen dira, Gasteiz Txiki auzo elkartearen lokaletan—, beren egoera publiko egiteko. Auzokideak berehala jarri dira martxan, familia horrentzako "etxebizitza duina eta errolda izateko eskubidea urgentziaz" aldarrikatzeko.
Horrela, Auzoan Bizik Udalari eskatu dio "berehala" familiaren etxean ur-hornidura berriz ezartzea eta familia osoa erroldatzea, hori lortzeko sarearen "baliabide guztiak" erabiliko dituztela azpimarratuz. Gainera, auzokideak gonbidatu dituzte beren elkartasuna adieraztera, antzeko egoeretara adi egotera, eta Auzoan Bizirekin harremanetan jartzera, "etxebizitza eta bizitza duinak defendatzen jarraitzeko".
Erroldatzeko eskubidea
Izan ere, Alde Zaharreko auzokideen sareak ohartarazi du familia horren egoera "etengabe" errepikatzen ari dela: "Maiz, Udalak oztopoak jartzen ditu norberaren bizilekuan erroldatzeko, baldintza oso zailak betetzeko eskatuz; hala, langile klase migratuaren eskubideak urratzen dira, eta, gainera, are gehiago pobretzen dira errolden salerosketa zirkuitua sortuz".
Azkenik, Udalaren ardura seinalatu dute, "udalerria baita bertan bizi den edonoren errolda errazteko betebeharra duena". Auzoan Biziren ustez, errolda oztopatzeak "askoz gehiago" okertzen du hasieratik oso egoera zaurgarrian dauden pertsonen egoera: "Erroldarik ez dutenez, ezin dute oinarrizko baliabiderik eskuratu, eta erresidentziarik ez duten pertsonen kasuan, egoera administratiboa erregulatzeko ezinbesteko lehen urratsa blokeatzen du horrek. Erroldarik ez izateak eskubiderik ez izatea dakar, administrazioarentzat ez baitzara existitzen".