Irailean eta urrian egindako sei lanuzteen ostean, ELAko bost kidek osatutako enpresa batzordeak hitzarmena berritzeko akordioa sinatu du enpresarekin. Besteak beste, indarraldiko lau urteetarako %16,25eko soldata igoerak (KPIaren bi berreikuspenekin) eta zortzi orduko lanaldi murrizketa hitzartu dituzte. Horrekin batera, fidelizazio plusaren, guardia lokalizatuen, aurre-erretiroen eta eszedentzien baldintzak hobetzea eta adostu dute bi aldeek, baita baimen berriak sortzea ere, hala nola norberaren aukerako egun bat izateko edo senideei kontsulta medikoetara laguntzeko eskubidea.
Joan den apiriletik, hitzarmen kolektibo berrirako negoziazioetan murgilduta zeuden Quiron Salud ospitale pribatuko (La Esperanza klinika ohia) zuzendaritza eta langileen ordezkariak, eta ELA sindikatuak langileen erosahalmena bermatzea jarri zuen negoziaziorako marra gorri bezala, baita plantillaren egonkortasuna ere.
"Espainiako estatuko ospitale talde pribatu handiena da. Gasteizko zentroak ia 90 langile ditu, egonkortasun arazo handiekin, erizainik ez dagoelako, besteak beste", azaldu du ELAk.