Bularreko minbiziaren kontrako lasterketak 1.300 lagun elkartu ditu

Erredakzioa 2022ko urr. 17a, 14:14
Bost kilometroko lasterketa egin zuten parte-hartzaileek. / VItal Fundazioa

Bularreko minbizia ikusarazi eta ikerketa sustatu nahi du lasterketak.

Asamma elkarteak antolatzen duen minbiziaren kontrako lasterketa solidarioak Gasteiz erdiguneko kaleak hartu ditu igande goizean. 1.300 lagunek hartu dute parte Cervantes pasealekutik abiatu eta hiriburuko kaleak igaro dituen karreran. Elkartasunak kalera atera ditu parte-hartzaileak, eta eskuragarri zeuden dortsal guztiak agortu dituzte.

Gizonezkoen lehenengo postuan Markel Erauzkin sartu da, (16:23 min), Miguel Angel Ferrer bigarren postuan, (18:07 min),  eta podiuma itxiz Ander Olaso (18:46 min). Mutilengandik bi minutu eskasera Lola Oiarzabal irabazlea iritsi da (20:00 min), segundo gutxira Ana Estevez (20:06) eta ostean Sara Abecia (21:51). "Minbiziaren aurkako lasterketa honetan, ordea, denak gara garaile", aipatu dute. Lasterketako 5 kilometroen ondoren, festa giroan jarraitu zuten zunba saio batekin.

Boluntario taldea

Asamma irabazi asmorik gabeko elkartea da, 1990ean bularreko minbizia zuen emakume talde batek sortutakoa. Bere helburu nagusia elkarri eta beste emakume batzuei laguntza ematea izan zen, eta gaur egun laguntza hori ematen jarraitzen du, eta, gainera, tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen ditu, bereziki bularreko minbiziari eta minbizi ginekologikoari buruzkoak. Une honetan, 120 bazkide ditu (guztiak emakumeak), eta horietatik sortzen da lurraldean urte osoan zehar antola eta gara daitezkeen ekitaldiak egin ahal izateko behar den boluntario taldea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide