Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxeko Idoia Zapirain irakasleak eTwinning Europa Saria jaso du, Katarzyna Siwczak Poloniako irakaslearekin batera gidatzen duen eTwTrain izeneko proiektua dela eta. 2022ko eTwinning urteroko konferentzian izan da aitortza, 16-19 urte arteko kategorian.
Europako Batasunak bultzatutako proiektua da eTwinning, teknologia eta komunikazio teknologien bitartez ikastetxeen arteko kolaborazioa sustatzeko.
eTwTRAIN bitartez ikasleen komunikazio abileziak bultzatu nahi izan dituzte, hainbat baliotan oinarrituta: tolerantzia, errespetua, ekintza, berrikuntza eta netizen edo hiritartasun digitala. Balio horiek ingelesez osatzen duten akronimoaz eratuta dago, hain justu, proiektuaren izena.
Zapirainen hitzetan, emandako tresnak praktikan jartzeko moduan egon dira ikasleak, eta bereziki garrantzitsua izan da pandemia betean garatu ahal izan dutela. "Ikasleek ikasi ahal izan dute askotan arazo berdinak dituztela herrialde desberdinetan; edo beren herrialdean inoiz ikusi ez dituzten arazoak gertatzen ari direla beste zenbait lekutan", esan du Zapirainek bideokonferentziaz egindako sari banaketan.
Jasangarria den tren bidaia baten irudikapena egiten du proiektuak. Europan zehar dauden geltoki birtualetan gelditzen da. Geltoki horietan guztietan ikasleen nazioarteko taldeak eratu dira, eta ikasleek hainbat erronka prestatu dituzte, proiektu osoko parte hartzaileek osatu ditzaten. Besteak beste, turismo jasangarria, segurtasuna, kultura edota ekonomia zirkularra landu dituzte. Jokoetan oinarritu dute proiektuaren zati handi bat. "Ikasleek asko disfrutatu dute, eta pasa dira kontsumitzaile huts izatetik sortzaile izatera, beste ikasleentzako jokoak sortuz", azaldu du irakasleak.
Antolatzaileek nabarmendu dute proiektuaren bitartez gauzatzen ari direla Gerd Leonhard humanista eta futuristak konferentzian bertan emandako aholkua: hezkuntza garatzea gauza praktikoetan abiatuta.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!