Euskal zinema dokumental onena Gasteizen, urriaren 24tik 28ra

Erredakzioa 2022ko urr. 19a, 18:30
Xuban Intxaustiren 'Gesto' filmaren fotograma bat. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Kultura eta emakumeen balioa, tortura, trans komunitatea, Gesto por la Paz erakundea eta Kepa Junkeraren gainditze historia hizpide dituzten bost film eskainiko ditu Euskal Zinema Dokumentalaren Asteak.

Vital Fundazioak urtero antolatzen duen Euskal Zinema Dokumentalaren Asteak VIII. edizioa ospatuko du hilaren 24tik 28ra bitartean, eta Donostiako Zinemaldian ikusi diren dokumental produkziorik onenak ekarriko ditu Gasteizera.

Bost egunez, Vital Fundazioa Kulturuneak euskal profesionalek zuzendutako dokumental onenen sorta eskainiko du. Emanaldiak egunero 19:30ean izango dira, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Jardunaldi bakoitzaren hasieran aurkezpena egingo da, eta, ondoren, Maria Elorza, Ander Iriarte, Izaskun Arandia, Xabin Intxausti eta Fermin Aioren filmak eskainiko dira pantaila handian; bost zuzendariek bertaratuko direla baieztatu dute.

Astelehenan, hilaren 24an, arabar zaporea izango du inaugurazio egunak. Izan ere, Maria Elorza gasteiztarrak bere lehenengo lan luzea aurkeztuko du, A los libros y a las mujeres canto; bertan, zuzendari, gidoilari, argazkilari, muntatzaile eta soinu arduradun gisa aritu da.

 

Asteartean, hilaren 25ean, Ander Iriarteren Karpeta Urdinak lanaren txanda izango da. Zuzendaria Eusko Jaurlaritzak 1960-2014 aldian Bake eta Bizikidetza Planaren esparruan egindako EAEko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuan sartu zen. Ikerketa horretan argitaratutako emaitzek ikaratuta, medikuntzan, psikologian, psikiatrian eta abokatutzan prozesuan parte hartu zuten pertsonekin elkartu zen berriro. Horiek "tortura psikologikoa", "Istanbulgo protokoloa" edo "hurbilketa estatistikoa" bezalako kontzeptuak irakatsi zizkioten, eta iparralde globaleko torturaren errealitatea erakutsi zioten.

 

Asteazkenean, hilaren 26an, Izaskun Arandiaren My wayout lana ikusi ahal izango da. 2018an bere 25. urteurrena ospatu eta 2020ko martxoan (pandemiaren ondorioz) ateak itxi zituen TheWayOut trans pertsonentzako klub mitikoaren historia da. Londresko trans eszenaren azken hiru hamarkadak errepasatzen ditu, eta, elkarrizketa eta artxiboko grabazioen bidez, klubak komunitate horretan izan duen eragina azaltzen du. , zuzendariak nabarmendu duenez.

 

Xuban Intxaustiren Gesto filma izango da protagonista ostegunean, hilaren 27an. "30 urtez bakearen alde eta Euskadiko indarkeriaren aurka lan egin zuen euskal bakezaletasunaren oroimenean barrena egingo duen bidaia da. Ikusleak erakunde bakezalearen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak gaur egun indarrean jarraitzen dutela ohartzeko gonbidapena", laburbildu du zuzendariak.

 

Azken egunean, hilaren 28an, ostiralean, Fermin Aioren Berpiztu lanarekin itxiko dute Euskal Zinema Dokumentalaren Astea. Kepa Junkera, trikitixa eta euskal musika herrikoia maila gorenera igo zituen euskal artista, euskal musikaririk nazioartekoena bihurtu zena, eta mundu osoko artistak euskaraz abestera gonbidatu zituen autodidakta, 2018ko abenduaren 6an atera zen agertokitik. Albisteek ospitalizazio bati buruz hitz egin zuten, eta, ondoren, bi urteko errehabilitazio saioak iritsi ziren, gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten eta jateko berriz ikasteko. Emozio horren kontakizuna da dokumentala. "Kepak bizitzen jarraitzen du, sortzen jarraitzen du, artearekin, musikarekin, poesiarekin, pinturarekin, argazkigintzarekin hunkitzen jarraitzen du", dio zuzendariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide