Ostegun honetan martxan jarriko da 2022/2023 ikasturteko Jazz Uhinak Hirian Barrena ziklorako sarrera eta abonamenduen salmenta. Aurtengo edizioak Europako jazz panoramako artisten zortzi kontzertu eskainiko ditu Jesus Guridi Kontserbatorioan.
Zikloa Gasteiz Hiri Hezitzailea jarduera programaren baitan jasota dago, eta Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak sustatzen du, Jazzargia elkartearekin elkarlanean. XVII. edizioak 1935ean Parisen jaiotako Jazz Hot aldizkaria omenduko du.
Hilero kontzertu bat eskainiko dute, azaroaren 22tik ekainaren 3ra bitartean, eta guztiak 19:00etan hasiko dira: azaroaren 22an izango da lehenengoa, Fran Serrano Quartet laukotearen eskutik, kontrabaxu jotzaile gasteiztarra buru; abenduaren 20an, David Sancho pianistaren txanda izango da, hirukote proiektuarekin eta Meditaciones diskoa aurkeztuz.
Urtarrilaren 10ean, Norvegiako pianista eta konpositorearen Tord Gustavsen Trio hirukoteak eskainiko du urteko lehen emanaldia, Opening albuma aurkeztuz; otsailaren 21ean, Coloma Bertran Quartet biolinista katalanaren laukotea; martxoaren 21ean, Ester Quevedo Quintet boskotea; apirilaren 25ean, Carlos Bica & Azul, non kontrabaxu jotzaile eta konpositore portugaldarrak gitarra elektrikoa, bateria eta baxua dituen lagun.
Maiatzaren 9an, Jesus Guridi Kontserbatorioko eta Luis Aramburu Eskolako big band-en topaketa egingo da, Big Band's Guridi Big Band, Big Band Txiki eta Big Band Berri banden eskutik.
Azkenik, ekainaren 3an Ivonne Walter Quartet laukoteak ongintzako kontzertua eskainiko du, Laboral Kutxaren, Udaleko Hezkuntza Zerbitzuaren eta Aldundiaren Kultura Sailaren lankidetzari esker. Jasotako dirua Txagorritxuko Onkologiako Eguneko Ospitaleko 23. Solairua Proiektuari emango diote.
Gainera, XVII. edizioko ohorezko makilak Maria Pilar Ramos Lopez musikologoa omenduko du, musikaren historian emakumeak egindako lana berreskuratzeko egin duen ahalegina aitortzeko.
Sarrerak eta abonamenduak
Aurtengo edizioko kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak www.ondasdejazz.com webgunean erosi ahalko dira urriaren 20ko 12:00etatik aurrera. Sarreren prezioa 10 eta 15 euro artekoa izango da, eta, horrez gain, hainbat abonamendu izango dira: abonamendu orokorra, 65 euroan; taldekako abonamendua (bost pertsona edo gehiago), 55 euroan; familiarentzako abonamendua, 65 euroan (bigarrena %50ean, eta 18 urtetik beherako seme-alabak doan). Lehen ehun abonamenduek Jazz Uhinen poltsa bat jasoko dute opari.
