Plaka bat, kalteak arintzeko

Erredakzioa 2022ko urr. 20a, 06:00
Gasteizko Udalak Uribarri Ganboako urtegiak kaltetutako familiak gogoratzen dituen plaka jarri du. GASTEIZKO UDALA

Uribarri Ganboako urtegia eraikitzeko urak hartu zituen herrietako biztanleak oroitzen dituen plaka berri bat jarri du Gasteizko Udalak, urtegira bidean dagoen Vasco Navarron, Gamarran.

Ganboa harana utzi behar izan zuten familia guztiak omentzen dituen plaka berri bat dago Gasteizen, Gamarrako eraikin sozialaren ondoan. Gasteizko Udalak aste honetan bertan inauguratu du, eta oroitzapen hori aldundiak bere garaian egin zuenarekin bat dator. Udalaren esanetan, Arabako eta Bizkaiko garapen ekonomikoa eta demografikoa bultzatzeko, bere etxeak eta lurrak utzi behar izan zituzten familia guztiak omendu nahi izan dituzte.

Bailarak berezko ezaugarri sozio-ekonomikoak zituelako eta Zadorra ibaiak zeharkatzen zuelako nortasun berezia zuen udalerria zen Ganboa, baina urtegiak eraikitzeko prozesuak dena betiko aldarazi zuen. 630 biztanle baino gehiago zituen 1940an Ganboak, baina Zadorrako urtegia eraiki behar zutela eta, 1957ko maiatzaren 10ean, Espainiako Gobernuak udalerria desegiteko agindua eman zuen. Orduan, 400 bizilagun baino gehiagok etxea eta lurrak utzi behar izan zituzten.

Urtegia bete zutenean, Mendizabal eta Orenin, adibidez, erabat urpean geratu ziren; Garaio ia erabat urpean geratu zen; Zuhatzu Ganboa gaur egun Zuhatza uhartea dena bihurtu zen; Azua eta Langara Ganboa urtegiaren ertzean geratu ziren. Bertako biztanleek laborantzako lurrak galdu zituzten eta emigratu egin behar izan zuten, kasu askotan egoera penagarrian. Gehienak Gasteizera joan ziren, baina beste batzuk, berriz, leku askoz urrunagoetara.

Urtegia handitzeko lanen eragin txikiena jasan zuten udalerriak Mendixur eta Marieta izan ziren, ondoko Larrintzar udalerriarekin bat egin zuena. Bi udalerri horiek kontzeju gisa bizirik jarraitzen dute gaur egun, baina haiek ere laborantzarako lurrak galdu zituzten.

Gaur, EAEko ur erreserba handiena dira Zadorrako urtegiak, eta Euskadiko erkidegoko biztanleen erdiek edateko eta garbitzeko dituzten beharrak asetzen dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide