World Press Photo Gasteizen da jada, 20 urteko ibilbidea ospatzeko

Erredakzioa 2022ko urr. 14a, 13:50
Amber Bracken argazkilari kanadarraren lan irabazlea. / Argazkia: WORLD PRESS PHOTO

World Press Photo argazki erakusketa Montehermoso Kulturunean bisitatu ahal izango da gaurtik aurrera, azaroaren 13ra arte. Egitarau osagarria prestatu dute aurten, ekimenak gure hirian hogei urte bete dituela ospatzeko.

Gasteizera iritsi da World Press Photo fotokazetaritza lehiaketaren aurtengo edizioa, mundu mailako biraren barruan. Montehermoso Kulturuneko ur-deposituan aurkeztu dute gaur, eta hilabetez bisitatu ahal izango da, azaroaren 13ra arte. Hogei urte igaro dira jada erakusketa Arabako hiriburuan bere lehen geldialdia egin zuela, eta bi hamarkada hauetan etenik gabe itzuli da urtero.

Aurkezpenean, Estibaliz Canto Kultura zinegotziak Paco Valderrama erakusketaren koordinatzailea eta bere lantaldea zoriondu ditu egindako ibilbideagatik. "Gure planetan dauden errealitateak erakutsi dizkigute. Edertasun goreneko irudien lekuko izan gara, baina baita muturreko gordintasuna erakusten duten irudiena ere. Hori da bizitza", aldarrikatu du zinegotziak.

Munduko fotokazetaritza lehiaketarik garrantzitsuena irabazi duten 120 irudi daude ikusgai erakusketan; guztira, 130 herrialdetako 4.000 argazkilarik egindako 65.000 argazki aurkeztu dira aurtengo ediziora. Irabazlea Amber Bracken kanadarrak The New York Times egunkarirako egindako argazki bat da. Irudi sinbolikoa da, eta Kanadako Kamloops barnetegian tratu txarrengatik hildako ehunka haur oroitzen ditu. Barnetegia XIX. mendean sortu zen, beste askoren gisan, adingabe indigenen kultur asimilaziorako. Egungo ikerketetan, 1.400 hobi baino gehiago aurkitu dituzte horrelako zentroetan.

Erakusketa astelehenetik igandera egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, eta sarrera doakoa da.

Gainera, Monterhermoso Kulturuneak bisita gidatuak eskainiko ditu ikastetxeentzat, Bizan Sareko zentroentzat eta herritar guztientzat. Azken horien kasuan, bisitak asteazkenetik larunbatera egin ahal izango dira aurretik izena eman gabe, 18:00etatik 19:00etara; asteazken eta ostiraletan euskaraz, eta ostegun eta larunbatetan gaztelaniaz.

 

20. urteurrena

Bestalde, World Press Photoren Gasteizko hogeigarren urteurrena dela eta, antolatzaileek jardueren egitarau osagarria prestatu dute. Urteroko erakusketaz gain, atzera begirako erakusketa bat egingo dute, 1955ean Herbehereetan lehiaketa sortu zenetik irabazle izan diren argazki guztiekin. "Historiako irudi ikonikoetatik bidaia izango da, aurreko mende erdialdetik aurrera", azaldu du Valderramak.

Halaber, gerra garaiko fotokazetaritzari buruzko solasaldi bat izango da Montehermoson, urriaren 20an, ostegunean, 19:00etatik aurrera, hainbat profesional ezagunen eskutik: Ricardo Garcia Vilanova, Pablo Tosco, Patricia Simon eta Igor G. Barbero. Gerren eta gatazken berri ematea nola aldatu den aztertuko dute.

Programa osatzeko, amateur argazkilarientzako lehiaketa antolatu dute, eta 5.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan. Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago azaroaren 3ra arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide