EAJk Gasteizen irabaziko luke, baina PSEk berdindu lezake

Erredakzioa 2022ko urr. 14a, 12:00

EAJk eta PSEk alderdi biko udal gobernua errepikatzeko aukera asko dituzte. / ALEA

Soziometroaren arabera, 2023ko udal hauteskundeetan gehiengo absolutua lor lezakete EAJk eta PSEk, emaitza berdintsua eta zazpina eserleku lortuta. Oso hurbiletik, EH Bildu litzateke hirugarren indarra, sei zinegotzirekin.

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Sokologikoen Kabinetearen Soziometroak aurreikusi du jeltzaleen, sozialisten eta subiranisten arteko berdinketa teknikoa gerta litekeela 2023ko maiatzean izango diren Gasteizko udal hauteskundeetan.

Hauteskunde aurreikuspenei buruzko azterketaren arabera (uztailaren 3an egindakoa), EAJ bozkatuena izango litzateke Gasteizen. Zuzeneko boto asmoari dagokionez, %18,3 dute jeltzaleek, baina Soziometroak %24,2ko boto estimazioa eman die, aurreko hauteskundeetako emaitzekiko igoera txiki bat lortuta (%23,81 lortu zuen orduan). Oraingoz, jeltzaleek ez dute argitu zein izango den beren hurrengo alkategaia.

Foru hauteskundeei dagokienez, EAJk garaipena berretsiko luke hiru lurraldeetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita hiriburuetan ere, Gasteizen, Bilbon zein Donostian.

Gehiengo absolutua

Aurreikuspenen arabera, EAJk eta PSEk alderdi biko udal gobernua errepikatzeko aukerak dituzte. Izan ere, Soziometroak gaur egun baino eserleku bat gehiago lortzeko aukera eskaini dio PSEri, sei zinegotzi izatetik zazpi izatera iritsiz, Maider Etxeberria buru duen zerrendarekin. Aurreikuspenak beteko balira, hamalau eserleku eta gehiengo absolutua eskuratuko lituzke koalizio-gobernuak. Sozialistek %11ko zuzeneko boto-asmoa eta bozen %21,5eko estimazioa dute une honetan.

EH Bildu, hurbil

Hala ere, udal gobernua errepikatzeko itxaropena arriskuan jar lezake EH Bilduren igoerak, Rocio Vitero buru izango duen zerrendarekin. Izan ere, Soziometroaren arabera, gaur egungo zinegotzi kopurua (sei) errepikatuko lukeen arren, boto-asmo zuzenaren %11,8 eta bozen %21,3ko estimazioa du ezkerreko talde subiranistak, aurreko hauteskundeetako %20,68ko emaitza hobetuz; hau da, PSErekin ia berdinduta, eta EAJtik oso gertu.

Oposizioa

Beste alderdiei dagokienez, Soziometroak aurreikusi du PPk aurreko hauteskundeetako emaitza errepikatuko lukeela, baina jaitsiera txiki batekin: bost eserleku eta botoen %18,2ko estimazioa (2019an, %18,63). Bestalde, Elkarrekin Podemosek zinegotzi bat galduko luke, bi eserleku mantenduz, botoen %9,93tik %7,1era jaitsi ostean.

Vox, Udaletik kanpo

Azkenik, Vox alderdi ultraeskuindarra botoen %3,4ra igoko litzatekeen arren (2019an, %1,44), ez luke zinegotzirik lortuko; gainera, zuzeneko boto-asmoa %0,5ekoa baino ez da.

Nolanahi ere, Arabako hiriburuan abstentzioa %40koa izango litzateke; hau da, duela lau urte baino handiagoa, 2019an %36,75ekoa izan baitzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago