Ostegun honetan, Gasteizko Udaleko Ogasun Batzordean 2023rako ordenantza fiskalen eta prezio publikoen proiektua eztabaidatu dute. Besteak beste, udal tributu guztiak izoztea erabaki dute. Hortaz, zerga, tasa eta prezio publikoak ez dira igoko, udal gobernuak hasieran proposatzen zuen moduan, energiaren kostuen igoeragatik sortutako krisiaren aurrean familiei eta enpresei laguntzeko asmoz.
Bestalde, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren Zergan bi moldaketa sartzea onartu dute: alde batetik, tributu horren kuotaren %95eko hobaria izango dute autokontsumorako eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituztenek; bestalde, babes ofizialeko etxebizitzetara bideratutako hobaria handitzeko proposamena aurrera atera da, eta egungo %32tik %50era igoko da.
Hirian jarduerak irekitzeagatik ordaindu beharreko tasari dagokionez, mikroenpresen baldintzak betetzen dituzten ekimenek, autoenplegua sustatzen dutenek eta komertzio tradizional berriak irekitzen dituztenek lizentzia horren ordainketa atzeratu edo zatikatu ahal izango dute, batez ere 35 urtetik beherakoak edota emakumeak enplegatzen dituzten proiektuen kasuan.
Gainera, mikroenpresak sortzeko tarifari %20ko hobaria ezartzea onartu dute, eta deskontua %40ra igo ahal izango dute 35 urtetik beherakoak edota emakumeak kontratatzen dituztenek.
Azkenik, udal tributuak elektronikoki ordaintzeko metodo berriak (hala nola Bizum edo MiPago Wallet) aztertzea adostu dute, udal sisteman baliabide horiek txertatzeko garapen teknologikoek ahalbidetzen duten heinean.