Baskoniak salatu egin du Vildozak Izar Gorriarekin kontratua sinatu izana

Erredakzioa 2022ko urr. 13a, 20:54
Sare sozialetan iragarri du Belgradeko Izar Gorriak Vildozaren fitxaketa. / Argazkia: @kkcrvenazvezda

Jokalari argentinarrak, Europan aritzeko, Baskoniarekin dituen betebehar ekonomikoak asetu beharko lituzke.

Baskoniari bere azken liga titulua eman zion jokalariak, Vildoza antolatzaile argentinarrak, jokalari askoren ametsa beteta NBAra eman zuen saltoa 2021ean. Gasteiz atzean utzita, eta kontratua eteteagatik Baskoniarekin zorra beregain hartu ostean, New York-era bidea hartu zuen jokalariak.

NBAn bere dohaiak erakusteko aukera gutxi izan du jokalariak tamalez. Hasteko denboraldi oso bat eman zuen geldi oinean ebakuntza egin ostean, eta Knicks taldeak bere eskubideak Milwaukeeri saldu zizkion, NBAn ohikoak diren "kromo-trukeak" eginda.

Hastear dagoen denboraldira begira jokatzeko aukera gutxi ikusten zuen jokalariak eta arrazoi horregatik azken asteotan Europara itzultzeko asmoaren berri eman dute zenbait iturrik. Hala izatekotan, Baskoniak omen du lehentasuna beste edozein talderen aurretik. Izan ere, NBAtik itzulerako bidea egitekotan Baskonia da jokalariak Europan aritzeko zituen eskubideen jabea.

Gainera, zenbait iturriren arabera jokalari eta Zurbaoko taldearen arteko harremana beti izan da nahiko estua eta Gasteizera etortzeko eragozpenik handiena Baskoniak egin zezakeen eskaintza ekonomiko ahula izan da. Jarraitzaile askok ilusioz bizi izan dituzte azken egunak eta jokalariaren itzulerarekin amestu dute.

Ordea, gaur arratsaldeko gertaerek egoera erabat irauli dute. Hasteko Belgradeko Izar Gorriak Vildozaren fitxaketa iragarri du sare sozialetan eta zaletu askok harriduraz hartu badute ere, "onartu" egin behar izan dute jokalaria beste talde batera joan izana. Sorpresa Baskoniak argitaratutako prentsa oharrak eragin du.

Izan ere, itxuraz, Baskoniak ez du mugimendu horren berririk izan eta jokalariaren gaineko eskubideen jabetzari ez ikusia eginez gauzatu da akordioa. Baskoniak gogor kritikatu du erabakia eta egoera publikoki salatu egin du argitaratutako komunikatu batean.

 

1.- SASKI BASKONIA, S.A.D. NBAtik kanpo dagoen jokalariaren eskubideen titularra da, jokalariak berak eta Klubak 2021eko maiatzean NBAra joateko eta New York Nicksen sartzeko akordioan adostu zuten bezala. Horrek esan nahi du NBAtik kanpo dagoen Klub batek fitxatuz gero, jokalariak bera edo sartuko diren Klubak ekonomikoki konpentsatu behar dutela SASKI BASKONIA, S.A.D..

2.- BELGRADEKO IZAR GORRIAk LUCA VILDOZA jokalaria kontratatu badu, SASKI BASKONIA, S.A.D.ren parte-hartzerik eta baimenik gabe egin da, horri buruzko jakinarazpenik jaso gabe eta hitzartutako konpentsazio ekonomikoa ordaindu gabe. Horrek esan nahi du NBAra irteteko lortutako akordioak ez direla bete, eta hori jokalariari eta harrera egingo dion klubari egotz dakiekeela.

3.- Egoera horren aurrean, SASKI BASKONIA S.A.D.k, IZAR GORRIAk kontratatu duela jakin duenean, berariaz eta modu frogagarrian taldearen eskubideak betearazteko eskatu die bai IZAR GORRIAri bai jokalariari berari. Era berean, egoera horren berri eman zaio EUROLEAGUE berari, eta eskatu zaio dagozkion legezko neurriak aplika ditzala, eta, bereziki, BELGRADEKO IZAR GORRIAk jokalariaren inskripzioa bertan behera utz dezala, lehiaketaren osotasunari eusteko, eta horrek izan dezakeen eragina saihesteko.

4.- Azkenik, eskatutako epeetan aldez aurreko akordioak betetzen ez badira, SASKI BASKONIA, S.A.D.k dagozkion ekintza judizialak gauzatuko ditu, bere eskubideak azken muturreraino defendatzeko, bai jokalariaren aurrean, bai BELGRADEKO IZAR GORRIAREN aurka, jokabide horren erantzule solidarioa den aldetik, EUROLEAGUEren araudiaren arabera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide