Migrazioa, euskara eta aniztasuna aztergai

Erredakzioa 2022ko urr. 13a, 18:41
2022an Arrasaten ospatu dute 'Auzoko eguna'. / Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea

Urriaren 19tik azaroaren 10era bitartean, Zubi bat euskaratik hitzaldi zikloa antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak. Besteak beste, Julia Shershneva EHUko irakasleak Aniztasun linguistikoa eta immigrazioa hitzaldia eskainiko du Gasteizen, urriaren 24an.

Azken urteetako migrazio mugimenduek eragin nabaria izan dute gure gizartean, eta, gaur egun, jatorri ezberdineko bizilagunei esker Euskal Herrian ehun hizkuntzatik gora hitz egiten da. Egoera berri horrek aberastasun kultural izugarria eskaintzen dio egungo gizarteari, baina era berean aniztasun hori kudeatzeko behar berriak ere sortu ditu.

Egoeraz jakitun, eta azken helburua euskararen biziberritzean pausuak ematen jarraitzea izanik, Euskaltzaleen Topaguneak aniztasun arloko proiektuak kudeatzen dihardu azken urteotan. Topagunearen ustetan, "euskara erabiltzea ohikoa eta erosoa" izango badira, jatorri eta hizkuntza ezberdinetako bizilagunen parte hartzea ezinbestekoa izango da.

Hala, Topaguneak Euskal Herrian bizi diren hizkuntza denak zaindu eta euskara denon kohesio hizkuntza izatearen alde lan egiteko konpromisoa azaldu du, eta helburu horrekin sortu du hain zuzen Auzoko proiektua; elkarrekin euskaraz komunikatuz, hizkuntza eta kultura anitzetako herritarron arteko harremanak sortzeko egitasmoa. Era horretan aurreiritzi eta uste okerrak gainditzea bilatzen dute sustatzaileek.

Azken hamarkadan, Auzoko programaren baitako sare horien bueltan ehunka herritar biltzea lortu dute, Euskal Herri osoko hamaika bazterretan. Topaguneak eskainitako tresna eta egitasmoak oinarri hartuta, familia, lagun artea, eskola eta beste zenbait eremutan proiektuak garatzea lortu da, eta bertan jatorri ezberdineko bizilagunei harrera egin zaie. Gainera, euskaraz komunikatzen laguntzeko tresnak ere eskaini zaizkie, eta orokorrean konplizitatea lantzea bilatu da.

Hitzaldi zikloa

Urte hauetan egindako bideari jarraituz, aurten Zubi bat euskaratik hitzaldi zikloa antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, lurraldeko txoko ezberdinetan. Urriaren 19tik azaroaren 10era bitartean, hitzaldiak izango dira aditu ezberdinen eskutik.

Araban, urriaren 24an egingo dute topaketa, Gasteizko Landatxo gizarte etxean, 18:30ean. Bertan Julia Shershneva EHUko irakasleak Aniztasun linguistikoa eta immigrazioa EAEn hitzaldia eskainiko du. 

Shershnevak arrazakeria, xenofobia eta immigrazioa ditu ikerketa ildo nagusiak bere ikerlari lanean, eta integrazio linguistikoaren garrantzia azpimarratzen du egungo testuinguruan. Hortaz, atzerrian jaiotako pertsonek euskararekiko duten gertutasuna ulertzeko gakoak izango dira hitzaldian aztergai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide