Mendiko kiroletan Arabako emakume erreferenteak bilduko dituzte jardunaldi batzuetan

Erredakzioa 2022ko urr. 13a, 12:27
Neskalatzaileak taldea izango da urriaren 27an. NESKALATZAILEAK

Gaikar-Zortzietakoak, ELLAbikes, Hazten kirol kluba eta Neskalatzaileak taldeek parte hartuko dute, urriaren 24tik 27ra, Emakumea eta Mendia lehen jardunaldietan.

Arabako Mendi Federazioak mendia eta emakumearen inguruko lehen jardunaldiak antolatu ditu, Gasteizen, urriaren 24tik 27ra. Kirol diziplina desberdinetako Arabako emakumeen lau talde gonbidatu dituzte solasaldietara, haien esperientziak azaltzeko. Vital Fundazioaren aretoan izango dira hitzaldi guztiak, 19:00etatik aurrera.

Jardunaldiak irekitzeko, urriaren 24an, Gaikar-Zortzietakoak taldea aurkeztuko dute. Mendiko korrikalari hauek hamar urte baino gehiago daramatzate lehiatzen. 20 eta 45 urte bitarteko emakumeak dira, eta mota guztietako distantziak korrika egiten dituzte, hamar kilometrotik ultratrail-era. Euskal Herrian zein estatu mailan lehiatzen dira. Amaia Ruiz de Azua, Garazi Abasolo eta Lorena Guinaldo izango dira solasaldian.

Bestalde, hilaren 25ean, ELLAbikes Gasteizko BTTko emakumeen taldea izango da jardunaldietan. Mendiko bizikleta irteerak egiten dituzte, lau zailtasun mailatan; eta halaber, mekanika ikastaroak, gidatzeko teknikak eta risoterapia lantzen dituzte. "Bizikletan ibiltzea gure bizimodu bihurtu da, gure zoriontasunaren proiektua", esan du taldeko kapitain Kerstin Lühr-ek.

Urriaren 26an, berriz, aukera izango da ezagutzeko hiru urtez jarraian (2019, 20201, 2022), martxa nordikoa edo ipar martxa modalitateko estatuko txapeldun izan den Hazten kirol taldearen esperientzia. Arantza Pinedoren eta Mila Ruiz de Azuaren ahotik jakingo dute bertaratutakoek hamahiru emakume hauek zaletasun bat partekatzetik nola pasatu diren martxa nordikoaren lehiaketetan erreferente izatera.

Azken egunean, solasaldia Neskalatzaileak taldearen esku joango da. Emakumeen kirola mendian sustatzea da taldearen helburua. Hamahiru urte igaro dira klub gisa hasi zirenetik, "eta bistakoa da emakumeek gero eta ikusgarritasun handiagoa dutela mendiko edozein jardueratan. Emakumezko erreferenteak ikustea motibazioa da atzetik datozen guztientzat", esan dute. Idoia Rubial eta Ana Ruiz izango dira hitzaldian.

Emakumea eta mendiaren inguruko lehenengo jardunaldi hauek Gasteizko udalaren, Sua argitaletxearen, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide