Gasteizek azaroaren 26an piztuko ditu Gabonetako argiak

Erredakzioa 2022ko urr. 13a, 11:21

Iaz baino ordubete lehenago itzaliko dituzte argiak. / Alea

Ordutegia murriztuko dute aurten, energia %20 aurrezteko.

Bigarren urtez jarraian, Gabonetako argiak pizteko garaia azarora aurreratuko du Gasteizek, merkataritza-sektoreak hala eskatuta. Azaroaren 26an piztuko dira argiak, iazko egun berean. Aurten, ordea, pizteko ordutegia ordubete eta bi ordu artean murriztuko da egunero, energiaren %20 aurrezteko. 18:00etan piztuko dira eta 22:00etan itzali, iaz baino ordubete lehenago. Ostiraletan, larunbatetan eta abenduaren 24 eta 31n eta urtarrilaren 5ean, berriz, 01:00ean itzaliko dira, 03:00etan beharrean. 

Aurten 271 arku, 201 zuhaitz eta 137 figura (kale-argietan) izango ditu Gasteizek berrogei kale eta plaza baino gehiagotan. Guztira, 1.024.902 argi-puntu osatuko dituzte elementuek, eta Udaletxeko fatxada, Goiuri Jauregia eta Floridako kioskoa ere apainduko dituzte. "Argiek poztasuna eta optimismoa ekarriko dute gure kaleetara egun berezi horietan. Baina ezin dugu ahaztu arduratsuak eta solidarioak izan behar dugula; horregatik, ordutegiak murriztuta energia aurreztu ahal izango dugu Gabonetako izpiritua galdu gabe", azaldu du Maider Etxeberria alkateordeak.

Udalak Gabonetan argiak hornitu, muntatu, desmuntatu eta mantentzeko kontratua sinatu zuen iaz Blachere enpresarekin, berak irabazi baitzuen lehiaketa publikoa. Kontratuak aukera ematen zuen emaitzaren arabera hiru urtez luzatzeko, eta hala egin dute aurten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide