Bernaola Zikloak hamalau kontzertu eskainiko ditu otsailera bitartean

Erredakzioa 2022ko urr. 10a, 19:30

Alfonso Gomezek osorik interpretatuko du Messiaen-en 'Txorien katalogoa'. / BERNAOLA

Urriaren 22tik otsailaren 11ra bitartean, Musika Garaikideko Nazioarteko Zikloaren 19. edizioak bertako zein nazioarteko artista esanguratsuenen emanaldiak ekarriko ditu Gasteizera, baita Araia eta Bilbora ere.

Bueltan da berriz ere Bernaola Zikloa, Musika Garaikideko Nazioarteko Zikloa. Aurtengo edizioa hemeretzigarrena izango da, eta Euskal Herriko, Espainiako estatuko eta nazioarteko artista esanguratsuenen lehen mailako aukeraketa bat eskainiko du, hamalau kontzerturen bitartez, hil honetako 22tik otsailaren 11ra bitartean. Gehienak Gasteizen izango dira, baina zikloa Araia eta Bilbora iritsiko da ere.

Saio guztiak doakoak izango dira, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Gehienak egun bakoitzeko 19:30ean hasiko dira. Gainera, Europa osoko konpositore berezi eta sortzaileenetako batzuek ziklorako esklusiboki konposatu dituzten lanak mundu mailako estreinaldi entzutetsuak izango dira.

Urria

Egitaraua irekitzeko ardura Ensemble Kuraiak izango du urriaren 22an, larunbatean, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. Dantzak, ohi bezala, leku berezia izango du, DanzÁlavaren lankidetzari esker: urriaren 29an, larunbatean, Artiumen, Florence Augendre koreografoaren, Zuriñe Benavente dantzariaren eta Frank Hammerle perkusionistaren eskutik; Ania Rodriguez gasteiztarraren argiztapenaren laguntza izango dute.

Azaroa

Azaroan, aldiz, Jesus Guridi Kontserbatorioan honako hauen kontzertuak izango dira: hilaren 12an, Juliet Fraser soprano britaniarrak Nwando Ebizieren eta Newton Armstrongen obrak estreinatuko ditu indar, adierazkortasun eta dotorezia hutseko fusio kultural eta teknologiko baten bidez; Ensemble N, sei musikari gaztek osatzen dute talde berritzailea, hilaren 19an; eta Ensemble Sinkro, hilaren 26an. Azken talde horrek, gainera, bere musika Araiako Andra Mari Aretora eramango du hilaren 27an, igandean, 13:30ean.

Bernaola zikloaren talde egoiliarrak bi programa aurkeztuko ditu: bata Musikenetik eta Paris 8 Unibertsitatetik irten berriak diren konpositore gazteei eskainitakoa, eta bestea Guillermo Lauzurika gasteiztar konpositorearen musikari eskainitako lan diskografikoa aurkezteko.

Azkenik, Jesus Guridi Kontserbatorioak Guridi Garaikidea emanaldia eskainiko du hilaren 29an, asteartean, eskolako ikasleen eskutik.

Abendua

Abenduan saio bakarra izango da, baina 2022. urteari amaiera bikaina emateko aukera ederra izango da, Trio Apellaniz hirukotearen eskutik, hilaren 3an, larunbatean. David eta Carlos Apellaniz irundarrek eta Luis Fernandez Castello valentziarrak 2018an eratutako taldeak XVIII. eta XIX. mendeetako hirukote handietatik hasi eta obra sortu berrietaraino joateko aukera eskaintzen du.

Urtarrila

Urtarrilean, Gasteizko Kontserbatorioak hiru kontzertu hartuko ditu: Ensemble Sinkro, hilaren 14an; Bilbao Sinfonietta, hilaren 21ean, Francisco Dominguezen Arrosa Xuriaren Artean ganberako operarekin; eta hilaren 28an, Akusma, ikus-entzuleak musika akusmatiko, argi eta soinuzko ikuskizun berezi batean barneratzen dituen proposamen elektroakustikoa, hiru dimentsiotan sortutako muntaia batekin. Ensemble Sinkrok beste emanaldi bat eskainiko du Bilboko JC de Arriaga Musika Kontserbatorioan, hilaren 16an, astelehenean, 19:00etan.

Otsaila

Otsailean iritsiko da Bernaola Zikloaren amaiera, bi proposamen bikainekin: hilaren 4an, Alfonso Gomezek bi saio eskainiko ditu Kontserbatorioan, 18:00etan eta 20:00etan, piano maratoi batean oso-osorik interpretatuz Olivier Messiaen-en Txorien katalogoa izeneko obra monumentala; eta otsailaren 11n, larunbatean, CMC Garaikideak (Musika Garaikideko Zentroa) proiektu kultural nafarraren 3D ikuskizun sinestesikoa izango da agertoki berean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide