Amil Shivjiren 'Vuta N'Kuvute' filma garaile Afrikaldiaren II. edizioan

Erredakzioa 2022ko urr. 10a, 18:00

Afrikaldia zinema jaialdiaren II. edizioaren amaiera gala. / Argazkia: AFRIKALDIA

Afrikaldiaren epaimahaiak film onenaren saria eman dio Amil Shivjiren Vuta N'Kuvute-ri, eta soinu-banda onenaren saria Lucas Gaudiniri, Une histoire d'amour et de désir filmaren musikagatik. Freda filmak publikoaren saria irabazi du.

Urriaren 3tik 8ra bitartean ospatu da Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren II. edizioa. Sei egunez Afrikako hogei film baino gehiago proiektatu dira, eta, larunbatean, Europa Biltzar Jauregiak hartu zuen amaiera gala. Bertan, saritutako pertsona eta filmak ezagutzeaz gain, jaialdia posible egiten duten elkarte eta erakundeak baloratu zituzten.

200 bat lagun bildu zituen ekitaldian, Armando Buika aktoreak, Arantza Ibarra zinemagileak eta Katixa De Silva produktoreak osatutako epaimahaiak lan irabazleak jakitera eman zituen.

Sail ofizialeko fikziozko sei film luze eta sei film dokumental ikusi, aztertu eta gozatu ondoren, epaimahaiak aho batez erabaki du film onenaren saria Amil Shivji tanzaniarrak zuzendutako Vuta N'Kuvute filmari ematea, "herri oso baten askatasunaren aldeko borrokarekin eta bere historiarekin kontzientziak irekitzen dituen drama politiko eta erromantikoa egokitzeko gaitasuna" aitortuz.

Soinu-banda onenaren saria Lucas Gaudinek irabazi du, Leyla Bouzid Tunisiako zuzendariaren Une histoire d'amour et de désir filmaren musikagatik. Kasu honetan, "ikuslea liluratzen duen atmosfera musikala eta pertsonaien sentimenduekin enpatia eragin izana" nabarmendu du epaimahaiak. Gainera, "filmaren garaiarekin eta testuinguruarekin bat datorren musika" dela azpimarratu dute.

Bestalde, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan die beste lan batzuei, besteak beste: The rumba kings filmari, "bere balio artistiko handiagatik eta dokumentu historiko gisa"; Feathers lanari, "bere originaltasunarengatik"; Freda pelikulari, "sentikortasun berezia eskaintzeko gai izan delako"; eta Nous, étudiants filmari, "kanturik onena" izateagatik.

Aipamen berezietako bat jasotzeaz gain, Gessica Geneus haitiarraren Freda lanarentzat izan da publikoaren saria. Prekarietate egoera eta eguneroko indarkeria areagotu den une batean Puerto Principetik ihes egiteko asmoa duen familia baten istorioa nabarmendu dute Afrikaldia jaialdiko ikusleek, bozketa parekatu baten ondoren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago