Lehen mailako bost kontzertu eskainiko ditu Dazz Jazz jaialdiak

Erredakzioa 2022ko urriaren 7a

Arantxa Ibañez de Opacua, Beñat Lasagabaster eta Estibaliz Canto. / GASTEIZKO UDALA

Urriaren 19tik 23ra bitartean, Leonor Watling, Leo Sidran, Javi Peña Trio, Iñaki Salvador, Chris Kase, Jesse Davis Quartet, Jorge Rossy, Bill McHenry, Masa Kamaguchi, Flavio Boltro eta Chano Dominguez Quartet izango dira Vital Fundazioa Kulturunean.

Hamabi egun baino ez dira falta Dazz Jazz jaialdiaren VII. ediziorako. Beste behin ere, Gasteizko jazz zaleek lehen mailako eskaintza batez gozatzeko aukera izango dute Vital Fundazioa Kulturunean, urriaren 19tik 23ra bitartean. Jaialdiaren antolatzaile Beñat Lasagabasterrek, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakuak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak xehetasun guztien berri eman dute gaur goizean, Dazz klubean.

Guztira bost kontzertuk osatuko dute aurtengo programazioa, eta saio guztiak 20:00etatik aurrera izango dira. Asteazkenean, urriaren 19an, Leonor Watling, Leo Sidran eta Javi Peña Triok irekiko dute zikloa. Ostegunean, hilaren 20an, Iñaki Salvador eta Chris Kase izango dira oholtza gainean.

Ostiralean, hilaren 21ean, Jesse Davis Quartet laukotearen txanda izango da, eta larunbatean, hilaren 22an, berriz, Jorge Rossy, Bill McHenry eta Masa Kamaguchirena. Azkenik, igandean, hilaren 23an, Chano Dominguez Quartet taldeak itxiko du programa, Flavio Boltrorekin batera.

Sarrerak eta abonuak www.musikaze.net webgunean eros daitezke, eta abonuak webgunean bertan edo Dazz klubean, Aiztogile kaleko 60. zenbakian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago