Artista berrien murgilaldia

Erredakzioa 2022ko urr. 7a, 08:00

Fito Rodriguez iazko komisarioa, Laura Diez Hariako kidea eta Cristina Arrazola Inmersiones elkarteko lehendakaria. inmersiones

Artista sorberrien Inmersiones topaketaren hamabosgaren edizioa aurtengo urte hondarrean egingo da, eta "Testua, gorputza eta ahotsa” gaia duten proposamenen bidez parte hartzeko epea zabaldu dute.

Gasteizko Zas kulturgunean aurkeztu dute artista sorberrien biltzarraren XV. edizioa, eta horrekin batera horretan parte hartzeko epea zabaldu dute. Topaketa horren helburu nagusia da artistei eta haien proposamenei ikusgaitasuna ematea eta ezagutza elkartrukatzea, askotariko belaunaldietako sortzaileak, emakumezko zein gizonezko, kultura, gizarte eta arteko eragileekin elkartuz.

XV. Inmersiones topaketak Haria kolektiboa izango du komisario lanetan, alegia, Iker Fidalgo, Laura Diez eta Irati Irulegi. Haiek proposatu dute "testua, gorputza eta ahotsa" gaia: "Lokarri komun bat proposamen artistikoentzako oinarri izan dadin".

Urrian, artistek beren proposamen artistikoak bidali ahal izango dituzte hauexetako edozeinetan parte hartzeko: biltzarra, ekintza artearen deialdia edo sare sozialetako partitura sortzaileen lehiaketa. Azaroan, berriz, biltzarraren zuzendaritzak proiektu hautatuak jakinaraziko ditu.

2022ko Inmersiones-ek hainbat jarduera egingo ditu, azaroan eta abenduan. Jarduera horietako bat Hezkintzak programa da, eta haren helburua da artista baten bidez arte garaikidea ikasleei hurbiltzea. Oraingoan, Ivan Gomez izango dute horren arduradun. Berak tailer batzuk proposatuko ditu ikastetxeekin lankidetzan, eta horietan partaide egingo ditu ikasleak kolektiboan sor dezaten, hainbat material eta adierazpideren bitartez.

Dena den, Inmersiones-eko jarduera gehiena abenduaren 16 eta 17an bilduko da, hautatutako ponentziak aurkeztuz, askotariko modalitateetan. Gainera, izen gonbidatuen talde bat izango dute, tartean, Maria Salgado, Aimar Arriola, Marion Cruza, Obrador, Estanis Comella, Panda Dramatic eta Txaranga Urretabizkaia. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago