Kontzertu, pintxada eta ekitaldiz beterik datoz Mendozako jaiak

Erredakzioa 2022ko urr. 6a, 08:50
Besteak beste, Melophilia rap taldeak girotuko du urriaren 14ko gaua. / Argazkia: MELOPHILIA

Mendoza herriak urriaren 12tik 16ra bitartean ospatuko ditu aurtengo jaiak. Besteak beste, mendi martxa, bazkaria, pintxo-potea, txapelketak, umeen txokoa, zunba herrikoia, DJ Naiz eta Malandroren pintxadak, eta Aldakan, Melophilia eta Liskerren kontzertuak izango dituzte.

Badatoz Mendozako jaiak. Urriaren 12an, 14an, 15ean eta 16an, askotariko jarduera eta ekitaldi izango dira Badaia mendilerroaren magalean kokatutako Gasteizko kontzeju honetan. Horretarako, lau eguneko egitarau oparoa prestatu dute, ume, heldu zein gazteentzako eskaintzarekin.

Ospakizunak urriaren 12an, asteazkenean, hasiko dira, 13:00etan, txupinazoarekin eta Julandronen jaitsierarekin. Aurretik, mendi martxa egingo dute, 10:00etan herriko plazatik; eta 12:30ean, Estanis Iturritxaren Mendoza, historia y leyenda liburuaren aurkezpena egingo dute. Jai giroan murgilduta jada, 14:30ean herri bazkaria egingo dute, eta 17:00etan mus eta tute txapelketak hasiko dira.

Osteguneko atsedenaren ostean, potente eta eskaintza musikalez beterik iritsiko da asteburua. Ostiralean, urriaren 14an, 19:00etan ekingo diote pintxo-poteari, 19:30ean Mendozako emakumeak show komikoari, 20:00etan zunba herrikoiari, eta 23:30ean kontzertuei: Aldakan afrolatin taldeak eta Melophilia rap bikoteak girotuko dute gaua, DJ Naizek platerak biraka jarri aurretik.

Larunbata luzeagoa izango da, egun osoko egitarauarekin: 12:00etan, txarangaren soinuak entzuten hasiko dira; 12:30ean, herri kirolak ikusi ahal izango dira; 13:30ean, tortilla txapelketa egingo dute; 17:00etan, umeen txokoa izango da txikientzako; 18:00etan, Jare Dantza Taldeak euskal dantzen erakustaldia egingo du; eta, azkenik, 22:00etatik aurrera, musika eta festarako ordua izango da, Lisker eta Malandroren eskutik.

Ah, eta ajea gainditu ostean, igandeko 17:00etan, bolo txapelketa egingo dute.

"Animatu zaitezte eta gerturatu hurbiletik gure herria ezagutzera! Gora Mendozako jaiak eta gora Arabako herri biziak!", adierazi du herriko jai batzordeak, arabar guztiak jaietara hurbiltzera gonbidatuz. "Beti ere herriarekiko zein elkarrekiko errespetua mantenduz. Izan ere, jaietan ez dugu inolako erasorik onartuko".

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide