ZAZen kontzertuak borobilduko du Hiriburu Berdearen X. urteurrena

Erredakzioa 2022ko urr. 5a, 13:20
ZAZ abeslari frantsesak kontzertua eskainiko du urriaren 7an Foru plazan. / Argazkia: ZAZ

Gasteiz Europako Green Capital izendatu zutenetik hamar urte igaro direla ospatzeko ekitaldien azken txanpan, ZAZ abeslari frantsesaren kontzertua izango da ostiral honetan, urriaren 7an Foru plazan.

Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Aldundiarekin eta Vital Fundazioarekin batera, Europako Hiriburu Berdearen izendapenaren X. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu irailean eta urrian zehar. Besteak beste, proposamen teknikoak, profesionalen topaketak eta hitzordu ludikoak izan dira egitarauaren barruan, Espainiako estatuko Green Capital bakarraren etorkizuneko estrategia partekatzeko asmoz.

Programazioari amaiera bikaina emateko, gypsy zein jazz musika doinu afrikar zein latinoekin uztartzen dituen ZAZ abeslari frantsesak doako kontzertua eskainiko du urriaren 7an, ostiralean, 20:30ean Foru plazan, Organique Tour biraren barruan. Nazioartean ezagun egin zen 2010ean, Je veux abestiarekin, eta mundu osoan hiru milioi eta erdi kopia baino gehiago saltzea lortu du. Youtuben bakarrik, 600 milioi bistaratze baino gehiago ditu, eta hilean 2,2 milioi entzule Spotifyn.

Aurretik, Omago taldea arituko da plazan. Hainbat taldetan ibilitako Uribe Kostako eta Bilboko musikariek osatutako taldea da, eta pop-rocka eta folka uztartzen ditu.

Hala ere, hiriburutza berdearen ospakizunen barruan, azken ekitaldi bat egingo dute urriaren 21ean eta 22an: Florida parkean eta Katedral Berriko lorategietan, ikus-entzunezko ikuskizun bat izango da; hainbat emanaldi izango dira, euskaraz zein gaztelaniaz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide