Metano-ihes "garrantzitsuak" salatu dituzte Gasteizko Enagasen garraio zentroan

Erredakzioa 2022ko urriaren 4a

Gasteizko garraio zentroaren hodiak. EKOLOGISTAK MARTXAN

Espainiako estatuko iparraldeko gas eta petrolio azpiegiturak aztertu ditu Ekologistak Martxan taldeak. Gasteizen, "gas isurketa jarraituak eta emari handikoak" aurkitu dituzte.

Nord Streameko gasbideen sabotajeak metano-ihesen inguruko kezka zabaldu baino hilabete batzuk lehenago, 2022ko uztailean, abiatu zuen Ekologistak Martxan taldeak metano-ihesen inguruko ikerketa bat, penintsulako iparraldeko gasa garraiatzeko sistema guztia arakatzeko. Erakunde ekologistak bisitatu dituen azpiegituren artean, Enagas enpresaren Gasteizko garraio zentroa dago, eta horren egoera "bereziki kezkagarria" dela adierazi dute. "Europa osoan, mota horretako lekuetan, dokumentatu diren emisio handienetako batzuk biltzen dira bertan. Isurketa jarraituak eta emari handikoak aurkitu dira, gutxienez hamabost ihesetatik zetozenak: balbulak, hodiak, neurgailuak…". Gainera, "argi eta garbi hautsita eta herdoilduta zeuden ekipoak" aurkitu dituztela adierazi dute ekologistek.

Gasen irudiak bistaratzeko erabiltzen den kamera optikoa (OGI) baliatuta egin dute azterketa Ekologistak Martxan taldeko kideek. Bisitatu zituzten hogeitik gora azpiegituretatik hamarretan "metano ihes esanguratsuak" atzeman zituzten, "Espainiako gasaren eta petrolioaren industriaren sekretuetako bat agerian utziz". Gainera, metanoren ihesak aurkitu dituzte mota guztietako azpiegituretan, gasaren garraio zentroetatik hasita eta erregulazio eta neurketako geltokietara, "gehienak Enagas enpresarenak".

Durangon ere

Talde ekologistak azaldu duenez, gas azpiegitura askok, sistemaren presioa arintzeko, gasaren zati bat askatzen dute, erreta, CO2 bezala, metanoa ez zabaltzeko. "Baina, batzuetan, enpresa operadoreek errekuntza egin gabe askatzen dute gasa, metano kutsatzailea atmosferara askatuz. Hori egiaztatu da Durangoko garraio zentroan", azpimarratu dute.

Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi du gasaren sektorean metano bidezko kutsadura ez dagoela behar bezala araututa, eta gas naturalaren garraioan emisioak eteteko neurriak hartu behar direla azpimarratu du. "Europako Batzordeak eta estatu kideek neurriak hartu behar dituzte petrolioaren eta gasaren sektoreko isurketak murrizteko. Badira soluzio politiko erraz eta eraginkorrak industria horietan metano bidezko kutsadura azkar murriztu dezaketenak", esan dute.

"Eztabadarik gabe"

Hain zuzen, orain dela hilabete batzuk denen ahotan egon zen Enagas enpresa Euskal Herrian, bertako zuzendari nagusi Juan Andres Diez de Ulzurrunek Araban gasa ateratzeko Subillako Armentia 2ko proiektua "berpizteko" eskatu zuenean, "eztabaidarik gabe". Diez de Ulzurrunen ustez, egungo egoerarekin ezin da "lotsatiak" izan, eta bertako baliabide hori aztertu eta "eztabaidak" alde batera utzi behar dira.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago