Liburuak trukatzeko azoka berreskuratuko du Gasteizek

Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 12:34
Liburuak trukatzeko azoka Iradier Arenan paratuko dute. / Alea

Azokak larunbatean irekiko ditu ateak; orri markagailuak egiteko tailerra, antzerkia eta musika ere izango dira larunbateko jardueren artean.

Gasteizek liburuak trukatzeko azoka berreskuratuko du pandemia dela eta bi urtez eten eta gero. Urriaren 22 eta 23an izango da, Liburutegien Egunarekin batera, Iradier Arenan. " Aurten hamabigarren edizioa izango duen liburuak trukatzeko azokarekin, irakurtzearen plazera bultzatu nahi dugu adin guztietako pertsonen artean liburuak trukatuta. Gasteizko etxeetako liburutegiak freskatzeko eta eguneratzeko modu ona izan daiteke", adierazi du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.

Liburutegien Sareak trukatzeko 5.000 liburu baino gehiagoko ekarpena egingo du eta gehienez 5 liburu trukatu ahal izango dira bi ataletan banatuta: haurrentzako edo gazteentzako liburuak, eta helduentzako liburuak. Helduentzako literaturaren atalean, aldi berean, hiru kategoria egongo dira: 2010 ondorengo (urte hori barne) edizioetarako, 2000tik 2009ra bitarteko edizioetarako beste bat eta 1999 aurreko (urte hori barne) edizioetarako hirugarren bat.

Ez dira onartuko aldizkariak, entziklopediak, bideoak, DVDak eta CDak, testu-liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak edo teknikoak. Era berean, ezingo dira trukatu azpimarratuta, hautsita edo egoera txarrean dauden liburuak, liburuki solteak eta bidaia-gidak, geografiako liburuak eta azterlan soziodemografikoak.

Merkatuak urriaren 22an, larunbatean, irekiko ditu ateak 11:00etatik 14:00etara, eta 17:30etik 20:30era, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Kultura agenda

Liburu trukaketarekin batera, kultura arloko jardueren egitarau zabala egongo da. Urriaren 22an, larunbatean, hasiko da 11:15ean, Orri markagailuak tailerrarekin, eta Twin Roomen kontzertuarekin jarraituko du. Geroago, 17:30ean, Istorioak kontatzen dituzten harriak haurrentzako tailerra iritsiko da, eta Iñaki Carreterok eskainiko duen Ganbaran aurkitu dudan altxorra ipuin-kontaketa musikala 18:30ean.

Igandean, hilaren 23an, 11:00etan, ateak irekitzen dituztenean, Pop up 3D haurrentzako tailerra egingo da eta, ondoren, Twin Roomen beste kontzertu bat, 12:30etik 14:00etara.

Gainera, asteburuan zehar, Gazteentzako VII. Nanoipuin Lehiaketarekin lotuta Euskadi ID-arte Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolako ikasleek egindako animazioen karatulez, argazkiez eta ilustrazioez, eta ipuin irabazleekin egindako erakusketaz gozatzeko aukera egongo da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide