Izaro Principal Antzokian izango da urtarrilean

Erredakzioa 2022ko urriaren 4a

Kolaborazioz beteriko 'Limones de oro' diskoaren bira hastear da. / IZARO

Urtarrilaren 7an, 19:30ean, Izarok Limones de oro bere laugarren diskoa aurkeztuko du Gasteizen, Principal Antzokian. Sarrerak urriaren 18tik aurrera erosi ahal izango dira.

Mallabiako abeslari bizkaitarrak 2022ko apirilean argitaratu zuen Limones de oro azken diskoa, bere ibilbide arrakastatsuaren laugarrena. Orain, urrian, pandemiaren unerik latzenak eta uda atzean utzita, lanaren aurkezpen biran murgilduko da Izaro. Urtarrilaren 7an, larunbatean eta oraindik Gabonetako oporraldiaren barruan, Gasteizko Principal Antzokian izango da, lan berriko abestiak eta bere errepertorioko beste batzuk jendaurrean aurkezteko.

Disko berriak hamasei abesti ditu, eta, bertan, "inspiratzaileak, erakargarriak eta iradokitzaileak" iruditzen zaizkion buru eta ahotsen kolaborazio ugari bildu ditu Izarok: Mexikoko Alex Ferreira, Bratty eta Silver Rose; Kubako Dayme Arocena; Brasilgo Duda in the sky; Espainiako Zahara, Pedro Pastor, Xoel Lopez, Rozalen eta Amaral; eta Euskal Herriko Cris Belako, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Gartxot eta Eñaut Gaztañaga. Kolaborazio horiei esker, nazioarteko zenbait artistak lehen aldiz kantatu dute euskaraz.

Gasteizko kontzerturako sarrerak urriaren 18an jarriko dituzte salgai, 17:30etik aurrera, Udal Antzoki Sarearen ohiko bideetan. Prezioa 30 eurokoa izango da besaulki-patioan eta lehentasunezkoan, eta 24 eurokoa anfiteatroan. Ohiko deskontuak izango dira ere; 30 urtetik beherakoen kasuan, %15ekoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago