Gure kontsumoak klima aldaketa geldiaraz dezake?

Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 10:00
Balio Faktoriaren aurreko ikasturteko topaketa bat. / Argazkia: SETEM

Kontsumo arduratsuaren inguruko aurtengo lehen topaketa antolatu du SETEMek urriaren 6rako. Kontsumoak klima aldaketa geldiaraz dezakeen eztabaidatuko dute, Ekologistak Martxan taldeko Charo Moran eta Sinplástico proiektuko Javier Barriosekin.

Ostegun honetan, hilaren 6an, 18:30ean Aldabe gizarte etxeko areto nagusian, Jasangarritasuna, ipuin hutsa? Larrialdi klimatikoa geldiarazteko kontsumo baterako gakoak solasaldia antolatu du SETEM Hego Haizea GKEak, Balio Faktoria formakuntza eskaintzaren barruan eta programaren seigarren edizioa abian jarriz. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Bi gonbidatu izango dituzte topaketan: Charo Moran, Ekologistak Martxan taldeko ekintzailea eta kontsumo zein hezkuntza ekologikoan aditua; eta Javier Barrios, erabili eta botatzeko produktuen kontsumismoari buruz kontzientziatzea eta alternatibak eskaintzea helburu duen Sinplástico proiektuaren sortzaileetako bat.

Kontsumo eraldatzailea erraztu dezaketen zenbait neurriri buruz hitz egingo dute, eta, batez ere, "berdea eta jasangarria den propagandaren aurrean argi hitz egingo dute" bi adituek, "mito batzuk apurtuz eta ekintzara jotzeko gakoak eskainiz".

"Ingurumena gehiago errespetatzen duen eta gizarte inpaktu positiboak dituen kontsumo kritikoa egin nahi duten pertsona guztiei" zuzendutako saioa izango da. Horretarako, 2023ko ekainera arte luzatuko den jarduera programa bat aurkeztuko du SETEMek, hilabete bakoitzean gai bat jorratuz eta alternatibak aztertuz. Besteak beste, hizpide izango dituzte energiaren kontsumoa, moda, elikadura, finantzak edota indarkeria matxistak kontsumoan.

Auzolandegiak Latinoamerikan

Bestalde, Balio Faktoria programak Elkartasun Auzolandegietan parte hartzeko aukera eskainiko du aurten ere. Esperientzia horrek udan zehar Latinoamerikako garapen proiektuak ezagutzera bidaiatzeko aukera ematen du, SETEMekin nazioarteko lankidetzan jarduten duen erakundeen eskutik.

Ekimen hau 1992. urtez geroztik egiten da. Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, uda honetan Guatemalan eta El Salvadorren abiatu dute berriz ere. Jarduera guztiei buruzko informazioa www.factoriadevalores.eus webgunean dago eskuragarri, baita izen-emateak ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide