Kompadres Muertos eta The Twin Rebels Parralen izango dira urrian

Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 09:00
Kompadres Muertos psycho punk talde mexikarra. / PARRAL

Kompadres Muertos psycho punk talde mexikarrak (gaur, urriaren 4an) eta The Twin Rebels psychodelic rock talde gasteiztarrak (hilaren 18an) bueltan dakartzate Parral tabernako astearteak.

Aurten bai, pandemiaren ondoriozko neurri murriztailerik gabe eta ia ikasturte hasieratik gozatu ahal izango dira Parraleko astearte musikalak, 20:30ean San Frantzisko Xabierkoaren Kantoiko tabernan.

Osasun arazoen eta bestelako hainbat ezustekoren ondorioz hasieran iragarritako egitaraua moldatu behar izan badute ere, gaur bertan, urriaren 4an, hasiko da hilabete honetako programazioa, Mexiko Hiritik iritsitako Kompadres Muertos taldearen psycho punk musikarekin. KM-Ultra diskoa kaleratu ostean, putzua zeharkatu dute, eta iraila zein urrian zehar izango dira Europatik, Espainiako estatura, Belgikara, Herbehereetara, Alemaniara eta Euskal Herrira eramango dituen bira batekin.

1992. urtean sortu eta oholtzaren gainean hiru hamarkadako ibilbidea egina du talde mexikarrak. Denbora horretan, estudioko zazpi album eta bost bilduma kaleratu ditu.

 

Orain arte baieztatutako bigarren kontzertua The Twin Rebels gasteiztarren eskutik izango da, urriaren 18an. The Dealers, Motto eta The Retrievers taldeetako zenbait kidek eratu zuten 2018an, psychodelic rock musika sortzeko; izan ere, country, western, britaniar psikodelia eta rock progresiboan oinarritutako soinu berezi batek ezaugarritzen du talde gasteiztarra.

2019an, pandemia iritsi baino zertxobait lehenago, beren lehen diskoa kaleratu zuten, zazpi pulgadako singlea, Kolektivo Monstrenko antzerki taldearen Calma Chicha lanerako soinu-banda gisa: There was a summer / Make a living, make a life. 2020an, konfinamenduak dena eten zuen, baita taldearen ibilbidea ere, hain zuzen ere iraupen luzeko lehen lana prestatzen ari zirenean.

2021. urteko amaieran, I know where I'm going / Fell beren bigarren singlea grabatu zuten Sagasound-ekin, oraindik argitaratu ez duten arren. Orain, ordea, berriro martxan daude, eta Parral tabernan beren soinu bitxiekin gozatzeko aukera izango da urriko hirugarren asteartean.

 

Urriaren 25ean beste kontzertu bat, hirugarrena, izango dela aurreratu dute, baina oraindik ez dute baieztatu taldea zein izango den.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide