Txagorritxuko eraikin berrian mantentze-lanak pribatizatu nahi dituztela salatu du LABek

Erredakzioa 2022ko urriaren 4a

Txagorritxuko eraikin berriko obstetrizia gela. IREKIA

Arabako ESIko arduradunak instalazio termikoen mantentze-lanak azpikontratatzen "tematzen" ari direla esan du sindikatuak.

LABek gogoratu du, iazko azaroan, kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Erakundeak azpikontratazio hori "behin betiko" gelditzea onartu zuela, sindikatuak jarritako errekurtsoa onartu eta gero. Halere, sindikatuaren salaketaren arabera, Arabako ESIko gerentziako zuzendaritzak Txagorritxuko eraikin berriaren mantentze-lanen azpikontratazioa jasotzen duen baldintza-agiria "berriro atera egin du pribatizatutako lanak oso konplexuak direla argudiatuz".

Baldintza-agiri hori berriro ere inpugnatuko duela ohartarazi du LABek. "Mantentze-zerbitzuko lankideak gai dira lan hauek behar bezala egiteko, kualifikatuak daudelako", gogoratu du sindikatuak, eta Arabako ESIko arduradunei leporatu die ordenamendu juridikoari "iruzur egitea".

Sindikatuaren arabera, Osakidetza edota Arabako ESI mantentze-enpresa gisa altan emateko izapide administratibo bat egitea besterik ez da falta. "Gogorarazi nahi dugu Osakidetzak izapide hori di-da batean egin ahalko lukeela, eta modu horretan diru-kutxa publikotik dirua aurreztuko litzatekeela, lanpostu publikoak eta kalitatezkoak sortuz".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago