Auzoz auzo aurkeztuko dute hondakin organikoak jasotzeko eredu berria

Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 18:29
Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintza zinegotziak aurkeztu ditu edukiontziak. / Gasteizko Udala

Lakua eta Pilar auzoetan abian jarriko duten kanpainak informazio-stand ibiltaria izango du eta laster erdigunean txoko finkoa

Auzoz auzo azalduko dute hondakin organikoak biltzeko sistema berria instalatu eta erabiltzen hasi aurretik. Edukiontzi marroi berriek irekiera indibidualizatua dute eta modu sekuentzialean jarriko dituzte abian urriaren erditik aurrera Lakuan. Ba al dakizu zure zabor-poltsaren %47 organikoa dela? Bereizi gehiago, bereizi hobeto! lelopean, Udalak hondakin organikoak behar bezala bereiztearen eta banatzearen beharra azpimarratu eta bilketa-sistema berria ondo azaldu nahi ditu.

Hondakin organikoena izaten da zabor-poltsako pisuaren bolumen handiena, baina hondakin organikoak birziklatzea da, oraindik ere, gizartearen konpondu gabeko arazo nagusietako bat. Hiritarrei arreta emateko asmoz gaur bertan Lakua auzoan abian jarriko duten kanpaina hiriko auzo guztietara iritsiko da pixkana, eta edukiontzien sare berria eta zabalagoa erabat ezarri arte egongo da abian. Gainera, aldi berean egingo diren beste hainbat ekimen ere antolatuko dituzte.

Informazio-gunean ingurumeneko gaietan eta hondakinen birziklapenean espezializatutako bi begirale egongo dira. Haien helburua izango da hondakin organikoen bilketarekin eta edukiontzi berrien funtzionamenduarekin lotutako gaiei buruzko informazioa eta arreta eskaintzea hiritarrei. Bestalde, gune horretan edukiontzien modelo berri horietako bat egongo da erakustaldiak egin eta erabilerarekin, irekiera-itxierarekin eta abarrekin lotutako zalantza guztiak argitzeko. Standean birziklapenaren kudeaketa egokia bultzatu ahal izateko informazio-liburuxkak eta poltsa konpostagarriak banatuko dituzte.

Sortutako materia organikoa behar bezala tratatzeko herritarrek behar dituzten bitartekoak eman ahal izateko, Gasteizko Udalak kanpaina honetan 873 edukiontzi jarriko ditu sarbide indibidualizatuarekin eta bilketa pneumatikorako 444 gune. Sarbide indibidualizatua duten edukiontzien sare berriak hondakinen kalitatea hobetzen eta, beraz, hobeto aprobetxatzen lagunduko duela aurreikusi dute. Edukiontziak irekitzeko, ezinbestekoa izango da Herritarren Udal Txartela izatea. Zuzenean irakurgailura hurbildu beharko da, edo alta eman beharko da Ireki sistemari atxikitako app-ean. Poltsa konpostagarriak erabiltzea izango da ezinbesteko beste baldintzetako bat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide