Sortuk "independentziarako indarra" aldarrikatu du Gudari Egunean

Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 22:00

Frankismoak Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak fusilatu zitueneko 47. urtemugan, Sortuk "konponbide diplomatikoa eta negoziatua" eta "aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala gauzatu ahal izateko burujabetza" aldarrikatu ditu Gasteizen.

47 urte igaro dira 1975eko irailaren 27an frankismoak Txiki eta Otaegi etakideak eta FRAP erakundeko beste hiru kide fusilatuta hil zituenetik. Orduz geroztik, urtero Gudari Eguna ospatu izan du ezker abertzaleak. Aurten ere, Sortuk "nazio askapen mugimenduarentzat erreferentziazko eguna" aldarrikatu nahi izan du Gasteizen, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu den manifestazioarekin.

Ehunka lagun bildu dituen mobilizazioa Manuel Iradier kaleko Karmengo elizaren parean amaitu da, Lauaxetaren bustoaren aurrean. "Gaur Txiki eta Otaegi gogora ekarri nahi ditugu, eta, beraiekin batera, baita Euskal Herriaren alde ekarpen maila ezberdina eginez borroka egin duten herrikide guztiak ere", adierazi dute Sortuko bozeramaileek, ekitaldian. "Besarkadarik maitekorrena senideei eta promesa bat: guk ez dugu etsiko haien guztien ametsak gauzatu arte. Ez dugu etsiko herri honetan bakea eta askatasuna lortu arte".

Ekitaldian zehar, "zibilizazio krisiaren eta etsipenaren aurrean, itxaropenaren bandera altxatzera" deitu dute, "duintasun nazionalaren bandera, antolakuntza eta borrokaren bandera".

Horrekin batera, "alternatiba" badagoela aldarrikatu du Sortuk: "Alternatiba horrek izena du gerraren deseskalatzea, konponbide diplomatikoa eta negoziatua. Izena du energia eta etxebizitza merkatuen interbentzioa; soldaten eta pentsioen igoera. Izena du aberastasunaren eta zaintza lanen banaketa erradikala, zerbitzu publikoen indartzea eta zaintza sistema publiko-komunitarioaren eraikuntza. Alternatibak izena du estatu propioa, burujabetza aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala gauzatu ahal izateko. Azken finean, alternatibak izena du independentzia eta sozialismoa".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago