Orbain: zazpi urteko punk rock martxa

Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 18:30
Orbain Kultur Elkartearen agerraldia. / Argazkia: ORBAIN

Urrian bere zazpigarren urteurrena ospatuko du Orbain Kultur Elkarteak, askotariko hamabost jarduera biltzen dituen egitarau batekin: kontzertuak, pintxadak, liburu aurkezpenak, erakusketak, dokumentalen proiekzioak, tailerrak...

Sex Pistols taldeak betiko ereserki bihurtu zuen erregina zendu da, baina punka ez dago hilda, ezta bi urteko pandemiaren ostean ere. Azken bi urtebetetzeak maskara eta neurri murriztaileekin ospatu ostean, oraingoan bai: Orbain Kultur Elkarteak betiko martxarekin ospatu ahal izango du bere zazpigarren urteurrena, punk rocka eta kontrakultura oinarri izango duten hamabost ekitaldirekin.

1977an punkaren eztandaren erdian argitaratutako singlea omendu eta God save the Kamila leloa aukeratu dute aurten, urriaren 1etik 29ra bitartean antolatutako jarduerak biltzeko kartelerako. Horietako asko, gainera, hiriko hainbat kultur eragilerekin batera antolatu dituzte:

2015ean Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakiko lokalean (Errota auzoan) jaio zen elkartea, punk rockaren ondare kultural, politiko eta soziala bizirik mantentzeko xedearekin. "Murrizketen amaieraren ondoren, gero eta proposamen gehiago iristen zaizkigu punk rockari eta kultura alternatiboari lotutako kultur ekitaldiak antolatzeko, eta horrek pentsarazten digu sorkuntza kritikoa ez dela inoiz gelditu eta osasun ona izaten jarraitzen duela. Jende asko dabil gauza asko egiten", azpimarratu dute lokalean bertan gaur egindako prentsaurrekoan.

2023an, ehun bazkide baino gehiago

Zazpi urteko ibilbidearen ondoren, Orbainen proiektua "finkatuta" dagoela uste dute: "Lortu dugu leku bat egitea eta erreferente izatea instituzioek edo enpresa handiek kudeatutako dinamiketan lekurik aurkitzen ez duen jende askorentzat. Pentsatuko dugu zerbait ondo egiten ari garela 2023. urtea ehun bazkide baino gehiagorekin hastera goazenean".

Aurten, besteak beste, Doku-mental ikus-entzunezko zikloa jarri dute abian, eta "oso positibotzat" jo dute, bai proiektatutako lanen kalitateagatik bai izandako gonbidatuengatik (SEADeko zein Palestinako ordezkariak, sindikalistak edo idazleak, esaterako). Gainera, urritik aurrera, streaming sistema bat instalatuko dute, geografikoki urrun dauden gonbidatuekin harremanetan jartzeko, edo oholtzara igotzen diren taldeen kontzertuak grabatzeko edota emititzeko.

Bestalde, Gasteizko herri mugimenduarekiko elkarlana nabarmendu dute, eta "ezinbestekotzat" jo dute hori, ez soilik urtemuga honetan antolatutako jarduerei dagokienez, baizik eta urte osoan zehar izandako esperientzietan ere: AEKk antolatutako Korrikan modu aktiboan parte hartzea, Transmarikabollo Astea (Lumagorrirekin batera), Jamaikar Astea (Zuretzako Mezua reggae kolektiboaren eskutik)...

Zazpigarren urteurrena ospatzeko jardueren kartelak.
Argazkia: ORBAIN

 

EGITARAUA

Urriaren 1etik 29ra bitartean, urtemuga ospatzeko hamabost jarduera izango dira. Ekitaldi guztiak 19:00etatik 22:00etara izango direla, Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakiko lokalaren edukiera bete arte:

 

  • Irailak 1, larunbata
    Ratpenades
    (Lleida) eta Bicho Humano (Miranda de Ebro) taldeen kontzertua. Gainera, bi taldeetako kideek asteazken honetan, hilaren 28an, Sin tu permiso. Nosotras en la escena Hardcore y punk estatal dokumentalaren proiekzioaren osteko solasaldian parte hartuko dute
  • Irailak 4, asteartea
    Doku-mental: La Polla Records taldearen inguruko No Somos Nada dokumentala, eta Jacobo Rivero zuzendari laguntzailearekin solasaldia (Skype bidez)
  • Irailak 6, osteguna
    Mª Blanca Ochoa de Aspuru
    gasteiztarraren Doce almas rotas y una esperanza poesia liburuaren aurkezpena
  • Irailak 7, ostirala
    Gasteizko Barriomania bandaren kontzertua
  • Irailak 8, larunbata
    Thursday's Pussy Dogs (Iruñea) bandaren kontzertua
  • Irailak 11, asteartea
    Doku-mental: Lo que hicimos fue secreto. Ondoren, David Alvarez zuzendari madrildarrarekin solasaldia (Skype bidez)
  • Irailak 14, ostirala
    Charly Araña
    artistaren marrazki erakusketaren inaugurazioa. Gainera, bere lanetako batzuk erosi ahal izango dira
  • Irailak 15, larunbata
    DJ Maui
  • Irailak 18, asteartea
    Doku-mental: El Drogas, Enrique Villareal Barricadako musikariaren bizitzari buruzko dokumentala
  • Irailak 20, osteguna
    Roberto Landa Mundina artistaren muraleko 38 pertsonaiak asmatzeko porra herrikoia. Orbain Kultur Elkartea ezaugarritzen duen artelan horretan agertzen diren aurpegi guztien izenak jasotzen dituen panel bat jarriko da; bertan, pertsonaia bakoitzari buruzko informazioa duen QR kode bana egongo da. Egun horretan, gainera, txapa tailerra eta tortilla dastaketa izango dira ere.
  • Irailak 21, ostirala
    Gasteizko Doctor Sax-en kontzertua
  • Irailak 22, larunbata
    Pintxada: Zuretzako Mezua
  • Irailak 25, asteartea
    Doku Jaia:
    Orbainen zazpi urteko ibilbidea ikusteko bideo formatuko sorpresak, DJak eta tortilla dastaketa
  • Irailak 27, osteguna
    Pintxada: DJ Nando Fausto
  • Irailak 28, ostirala
    Crash Normal
    (Frantziako estatua) taldearen kontzertua
  • Irailak 29, larunbata
    Pintxada: Rufo Old Tower, Mr. Txoize eta Grotbill

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide